Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0446-eu

Aspalditik itxita dagoen Santurtziko taberna batean trafikatzeagatik atxilotu dute

Prentsa bulegoa

2020-05-01

Ertzainek gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Santurtzin, drogarekin trafikatzea leporatuta. Substantzia sorgorgarriekin trafikatzen ari zitezkeela pentsatuta, aspalditik itxita dagoen taberna bat kontrolatu eta zaintzeko abian jarritako operatibo batean arrastatu zuten gizonezkoa. Operatiboan hainbat erosle identifikatu eta zehatu zituzten eta saltzailea, 59 urteko gizonezkoa, arrastatu zuten drogarekin trafikatzea eta armak zilegi ez den moduan edukitzea leporatuta. Lokalean 90 kokaina-dosi, doitasun-balantzak, dirua eta pistola detonatzaile egokitu bat aurkitu zituzten.

Ikerketa orain dela bi aste hasi zuten, Santurtziko Udaltzaingoak jakin zuenean orain dela hamar urtetik itxita dagoen taberna batean drogarekin trafikatzen ari zitezkeela. Itxita dagoen establezimenduan konfinamendu-egoeran mugimendu handia zegoela ikusita, bizilagunak susmatzen hasi ziren.
Joan den astean udaltzainek hainbat erosle identifikatu zituzten lokalaren inguruan, eta Ertzaintzak, beraz, kontrol eta zaintza dispositibo bat jarri zuen inguruan.
Atzo, osteguna, arratsaldean, dispositiboko agenteek hainbat toxikomano ikusi zituzten itxita zegoen tabernan aldameneko portaletik sartzen eta handik pixka batera irteten. Agenteek hainbat erosle identifikatu ahal izan zituzten, eta substantziak aspalditik itxita zegoen ostalaritza-establezimenduan erosi zituztela egiaztatu zuten.
“Pase” horietako batean arrastatu zuten ertzainek ustezko trafikatzailea, 59 urteko gizonezkoa, kokaina-dosiak saltzen ari zela.
Agenteek establezimenduko biltegia ikuskatu zuten, eta bertan, besteak beste, 90 kokaina-poltsatxo, droga ontziratzeko plastikozko bilgarriak, 5 doitasun-balantza, 445 euro dirutan eta 22ko kartutxoak jaurtitzeko pistola detonatzaile egokitu bat aurkitu zituzten. Ebidentzia horien aurrean, substantzia sorgorgarrien trafikoa eta armak zilegi ez den moduan edukitzea leporatuta atxilotu zuten susmagarria.
Arrastatua Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten dagozkion eginbideak irekitzeko, eta datozen orduotan eramango dute epailearen aurrera.
 

Jarrai gaitzazu Twitter bidez

@ertzaintzaEJGV