Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0504-eu

Auto baten gidaria hil da Zallan gertatutako zirkulazio-istripu batean

Prentsa bulegoa

2020-05-20

Zoritxarreko ezbeharra gaur arratsaldean gertatu da BI-636 errepidean, Bizkaiko Zalla herrian, auto batek eta furgoneta batek aurrez aurre elkar jo dutenean. Talkaren ondorioz, autoaren gidaria hil egin da eta furgonetaren gidaria, berriz, larri zaurituta geratu da. Istripuaren ondoren errepidea moztu behar izan da bi noranzkoetan, eta trafikoa Zalla erdigunetik desbideratu da.

Istripua gaur arratsaldeko zortzietan gertatu da Kadaguako Korridorean, BI-636 errepidean. Bi autok, Audi TT auto batek eta Opel Vivaro furgoneta batek aurrez aurre egin dute talka Zallako Bolunburu tunelaren sarrerara iritsi baino zertxobait lehenago.

Kolpearen ondorioz, bi gidariak ibilgailuetan harrapatuta geratu dira, eta suhiltzaileen laguntza behar izan da erreskatatzeko.

Ertzaintzaren eta Larrialdietako Zerbitzuaren hainbat baliabide berehala hurbildu dira istripua gertatu den lekura, baina Audi autoaren gidaria, 54 urteko gizonezkoa eta Bilboko bizilaguna, hil egin da zauri larrien ondorioz. Istripuan larri zaurituta geratu da furgonetaren gidaria, Balmasedako 27 urteko gizonezkoa, eta erreskatatu dutenean anbulantzian eraman dute Gurutzetako ospitalera.

Istripuaren ondoren bi ibilgailuak errepidean gurutzatuta geratu da, furgoneta bazter-babesaren gainean. Horren ondorioz, bi noranzkoetan itxi behar izan da bidea. Biktimak artatzeko eta istripua izan duten ibilgailuak erretiratzeko lanak egiten zituzten bitartean, trafikoa Zalla erdigunetik desbideratu da.

Biktima Bizkaiko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute epailearen aginduz. Ertzaintzak, bestalde, ikerketa jarri du abian ezbehar larriaren inguruabarrak argitzeko.

 

Jarrai gaitzazu Twitter bidez

@ertzaintzaEJGV