Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Bilbon gizon bat atxilotu dute kalean arma zuri bat hartuta istilua sortu ondoren
2022-05-08
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bilbon, Deustuko Erribera inguruan oinezkoak eta patruilak guraize batzuekin mehatxatu ondoren. Minutu batzuetan tirabiran ibili ondoren, erasotzailea azkenean mendean hartu zuten inor zauritu aurretik.
Atzo, larunbata, gaueko hamarrak baino lehentxeago, Ertzaintzari eskatu zioten Bizkaiko hiriburuko Deustuko Erribera ingurura hurbiltzeko, gizon batek pertsona bat guraizeekin mehatxatu zuela eta.
Lekura lehenengo agertu zirenak uniformatu gabeko agenteak izan ziren, eta erasotzailea aurkitu zutenean jarrera biolentoa baztertzeko eta guraizeak botatzeko konbentzitu nahian hasi ziren, baina honek ezetz esaten zien eta, gainera, agenteei atzetik segika eta mehatxuka hasi zitzaien eta tirabira minutu batzuk izan ziren.
Handik pixka batera uniformedun patruilak iritsi zirenean, erasotzailea ihes egiten saiatu zen, baina hauek atzeman egin zuten eta inor zauritu aurretik guraizeak kentzea lortu zuten.
Identifikatu ondoren, erasotzailea, 29 urteko gizona, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu zuten. Dagozkion eginbideak betetzeko polizia-egoitzara eraman ondoren, gaur, igandea, arratsaldean jarri dute agintari judizialaren eskuetan Bilboko Guardiako Epaitegian.