Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Donostia, bi atxilotu seiehun eurotik gorako balioa zuten perfumeak ebatsi ondoren
2022-03-09
Ertzaintzak 28 urteko emakume bat eta 25 urteko gizonezko bat atxilotu zituen atzo arratsaldean Donostian, merkataritza-establezimendu batean seiehun eurotik gorako balioa zuten perfumeak eta kosmetikako produktuak lapurtu ondoren.
Atzo, asteartea, arratsaldeko 17:00etan, Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharreko merkataritza-establezimendu baten arduradunak Ertzaintzara deitu zuen, establezimendutik kosmetikako produktu batzuk lapurtu zituztela jakitera emateko.
Lekura agertu ziren Ertzaintzako herritarren babeserako agenteek ustezko lapurren deskribapenari eta lapurtutako objektuei buruz beharrezko informazioa bildu zuten, eta ingurua aztertu zuten lapurreta egin zuen bikotea aurkitzen saiatzeko. Patruiletako batek denda inguruko kale batean identifikatu ahal izan zuen bikotea. Bi pertsonak bat zetozen emandako deskribapenarekin, baina euren jantziak ez ziren deskribatutakoak.
Eurekin zeramatzaten gauzak miatu zituztenean, agenteek egiaztatu zuten jantzietatik eta objektuetatik alarma-sistemak kentzeko tresna bat eta auto baten giltza zeramatela. Autoa ireki zutenean, barruan aurkitu zituzten establezimendutik lapurtutako objektuak eta aldatu zuten arropa, lapurreta egin zuten unean jantzita zeramatena. Autoan beste establezimendu batzuetan egindako lapurretekin zerikusia duten beste elementu batzuk ere aurkitu zituzten.
Horren aurrean, bi pertsonak atxilotu zituzten 400 eurotik gorako ebasketa-delitua leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak hasteko. Eginbide horietan jaso dute autoan aurkitutako beste elementu batzuen lapurretei buruzko ikerketa ere.
Bi pertsonak polizia-aurrekariak dituzte antzeko egintzengatik, eta gaur jarriko dituzte Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan.