Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0226 Espetxera eraman dituzte Andatza mendiko hilketarekin lotuta Ertzaintzak atxilotutako hiru pertsonetako bi

Espetxera eraman dituzte Andatza mendiko hilketarekin lotuta Ertzaintzak atxilotutako hiru pertsonetako bi
2022-03-29
Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTG) hiru pertsona, 41, 38 eta 35 urteko gizon bat eta bi emakume, atxilotu ditu eta agintari judizialaren eskuetan jarri ditu 44 urteko donostiar baten hilketarekin lotuta; gizonaren gorpua joan den otsailaren 27an agertu zen Usurbilgo Andatza mendian, sarbide zaila duen eremu batean. Gizona eta emakumeetako bat giza hilketaren delitua leporatuta atxilotu zituzten, eta beste emakumea hilketa estaltzeagatik.
Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak eginbideak ireki zituen joan den otsailaren 27an Usurbilen, Andatza mendian, indarkeria seinaleekin gorpu bat aurkitu zutenean, eta eginbide horiekin lotuta hiru pertsona atxilotu zituen joan den asteburuan.
Ikerketaren bidez jakin ahal izan denez, hiru atxilotuek harreman estua zuten hildakoarekin. Guztiek polizia-aurrekariak zituzten, eta hilda agertu zen gizona urtarrilaren 20an, hilda agertu baino egun batzuk lehenago, irten zen espetxetik.
Hil ondoren inplikatuek, dirudienez, Usurbila, Andatza mendiaren magal batera, eraman zuten gorpua, aurkitu ez zezaten. Baina otsailaren 27an mendizale batek ustekabean ikusi zuen gorpua eta Larrialdietako Zerbitzuetara deitu zuen.
Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua egin zen ikerketaren kargu, Donostiako 4. Epaitegiaren instrukziopean. Hilabete eskasean egindako ikerketaren ondorioz, joan den asteburuan hiru pertsona atxilotu zituzten Gipuzkoako hiru herritan. Ondoren, Gipuzkoako herri ezberdinetako hiru etxetan sartu eta miaketa egin zuten, eta ibilgailu bat konfiskatu eta Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatearen egoitzara eraman zuten. Miaketa horietan oraindik zabalik dagoen ikerketarako interesgarriak diren hainbat ebidentzia biltzea lortu zuten.
Egoitza judizialean deklaratu ondoren, epaileak atxilotutako gizona eta emakumeetako bat espetxeratzeko agindua eman zuen, eta biak Martuteneko Espetxera eraman zituzten. Hirugarren atxilotua aske utzi dute kautelazko neurriak ezarrita.