Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0255 Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa prebentzio-dispositiboak egiten ari dira garaje komunitarioetan aparkatutako ibilgailuetako lapurretak gora egiten ari direla ikusita

Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa prebentzio-dispositiboak egiten ari dira garaje komunitarioetan aparkatutako ibilgailuetako lapurretak gora egiten ari direla ikusita

Prentsa Zerbitzua

2022-04-06

Ertzaintzak hauteman du 2022 hasieratik gora egin dutela garaje komunitarioetan aparkatutako ibilgailuetako lapurretek. Horregatik, eta Udaltzaingoarekin batera, prebentziozko dispositiboak ezartzen ari da egoerari amaiera ematen saiatzeko.

2022ko lehenengo hilabete hauetan gora egin dute ibilgailuetako lapurretek. Batez ere garaje komunitarioetan egin ohi dute lapurreta. Joan den martxoaren 31ra arte, Gasteizko Ertzain-etxeak guztira 115 salaketa jaso ditu era horretako gertaerengatik.

Orain arte auzorik handienak, hala nola Lakua, Salburua eta Zabalgana, izan dira kaltetuenak. Bestalde, lapurreta gehienak gauez egin dituzte, bai astegunetan bai asteburuetan.

Delitugileek, autoetan sartzeko, ia kasu guztietan leihoetako bat hausten dute, eta, ondoren, barruan aurkitzen dituzten objektuak lapurtzen dituzte. Kasurik gehienetan gauza txikiak izaten dira (eguzkitako betaurrekoak, mugikorren kargagailuak, garajeko aginteak, tabakoa,…), eta kasuren batean baita txanponak ere.
Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa, koordinatuta, prebentziozko dispositiboak ezartzen ari dira lapurreta-bolada horri amaiera emateko. Hala ere, eginkizun zaila da; izan ere, ezin dira garaje komunitarioetan sartu eremu pribatuak direnez. Gainerakoan, orain arte egindako ikerketei esker ondorioztatu ahal izan dute delitu horien egileak bat baino gehiago direla.

Gomendioak

Era horretako egoerei aurrea hartzeko, Ertzaintzak herritarrei aholkatzen die garajera sartzen direnean edo bertatik irteten direnean, egiazta dezatela komunitatekoa ez den pertsona edo auto bat ez dela sartu. Horrela, komenigarria da garajetik ez alde egitea harik eta sarrerako atea erabat itxi arte eta, norbait ikus gero, SOS Deiak 112ra deitzea.

Bestalde, komeni da autoan begien bistan objekturik ez uztea, batez ere balioko objekturik, nahiz eta autoa garaje barruan egon. Horrez gainera, komeni da autoaren alarma ez indargabetzea eta, garajeko autoren baten alarma aktibatuz gero, SOS Deiak 112ri ematea horren berri.

Azkenik, gure garajeetan bideozaintzako sistema bat izatea disuasio-elementu egokia izan daiteke, eta, gainera, lapurreta egiten badute informazioa eman dezake.