Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0282 Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Aizkorri-Aratzeko parke naturalean min hartu duen mendizale bat erreskatatu dute

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Aizkorri-Aratzeko parke naturalean min hartu duen mendizale bat erreskatatu dute
2022-04-16
Gaur, larunbata, arratsaldeko lehenengo orduan Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek min hartu duen mendizale bat erreskatatu dute Aizkorri-Aratzeko parke naturalean. Gizonari ostikoa eman dio zaldi batek eta, dirudienez, hezurren bat hautsi dio eta ezin zen oinez jaitsi.
Istripua arratsaldeko hiru eta erdiak aldera gertatu da Arantzazun, Aizkorri-Aratzeko parke naturaleko Urbiako baselizaren inguruan. Zaurituarekin zegoen pertsonak larrialdiei aurre egiteko zerbitzuetara deitu du zaldi batek ostikoa eman diola eta bere kabuz ezin zuela oinez jarraitu esanez.
Adierazitako lekura suhiltzaileak, Osakidetzaren anbulantzia bat eta helikoptero bat eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko patruilak eta helikoptero bat mobilizatu dituzte.
Zaurituak, 77 urteko gizonak, min handia sentitzen zuen pelbisean, eta Ertzaintzaren helikopteroan eraman dute Urbiako zelaietara. Bertan osasun-zerbitzuek artatu dute eta gero Debagoieneko Ospitalera eraman dute.