Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0300 Bilbon atxilotu dute lokal bateko jagolea buruan botila batekin jotzeagatik

Bilbon atxilotu dute lokal bateko jagolea buruan botila batekin jotzeagatik

Servicio de prensa

2022-04-24

Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, larunbata, goizean, Bilbon, diskoteka bateko segurtasun-jagolea buruan botila batekin jotzea leporatuta, diskoteka barruan borrokan ari zirenean jagolea bakeak egiten saiatu zenean. Erasotzaileak, kanpora irten zenean, dirudienez, bere buruaz beste egiteko ahalegina simulatu zuen, eta Basurtuko Psikiatria Unitatera eraman zuten eta bertan atxilotu zuten.

Atzo, larunbata, goizaldeko hiruak aldera, 112 SOS DEIAK zerbitzuan dei bat jaso zuten gazte bat, dirudienez, bere burua oinezko pasabide batetik behera botatzeko asmotan zebilela esanez. Lekura berehala hurbildu ziren Ertzaintzaren hainbat patruila eta anbulantzia bat. Ertzainek gazte batzuekin hitz egin zuten eta horien artean zegoen ustezko suizida, eta hasiera batean osasun-langileek artatu zuten eskuan ebaki bat zuenez. Gaztearekin hitz egin ondoren, Basurtuko ospitaleko Psikiatria Unitatera eramatea baloratu zuten, bertan aztertu zezaten. Une horretan gizon bat hurbildu zen polizia-patruiletako batera, eta agenteei esan zien anbulantzian zeramaten gazteak inguruko lokal bateko langile bat jo zuela botila batekin buruan. Erasoa jasan zuen gizona osasun-zentro batera eraman zuten buruan eta besoan ebakiak zituenez. Dirudienez, diskotekan lanean ari zenean borroka batean sartu zen bakeak egiteko, eta buruan botila batekin jo zuten eta ia konorterik gabe geratu zen.

Horren aurrean, ertzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, 24 urteko gizonezkoa, eta Basurtuko ospitalean alta eman ziotenean polizia-egoitzara eraman zuten lesio-delitua leporatuta. Polizia-eginbideak amaitutakoan, agintari judizialaren eskuetan utzi zuten.

                Bestalde, goizaldeko bostak aldera 22 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilboko Bolueta auzoan beste gazte bat jotzea leporatuta. Diskoteka bateko segurtasun-jagoleek eutsi diote erasotzaileari polizia-patruilak iritsi bitartean. Biktimak ukabilkada bat jaso du aurpegian eta ia konorterik gabe jausi da lurrera, eta osasun-zentro batera eraman behar izan dute, beraz. Erasotzailea polizia-egoitzara eraman dute, eta agintari judizialaren eskuetan jarri zain dago.