Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0364 Gasteizen atxilotu dute garajeetan aparkatutako hainbat ibilgailutan ustez lapurreta egin duen gizona estacionados en garajes

Gasteizen atxilotu dute garajeetan aparkatutako hainbat ibilgailutan ustez lapurreta egin duen gizona
2022-05-12
Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak, elkarrekin egindako ikerketari esker, 31 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuko garajeetan aparkatutako hainbat ibilgailutan lapurreta egitea leporatuta.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen asteartean, Gasteizko garajeetan aparkatutako hainbat ibilgailutan ustez lapurreta egitea leporatuta.
Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak delitu-mota honekin lotuta salaketa ugari jaso izanaren emaitza izan da atxiloketa. Bi polizia-kidegoek jasotako salaketetan delitu-patroi bera, “modus operandi” bera, hauteman zuten. Ustezko lapurrak garajeetan sartu eta aukeratzen zituen ibilgailuen atzeko leihoa hausten zuen. Era horretara ibilgailuan sartzen zen eta bertan aurkitzen zituen balioko objektuak eta dirua lapurtzen zituen.
Gertaeraren garrantziaren aurrean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikerketa bateratua hasi zuten, salaketen arabera egitateen ustezko egileak jarduten zuen hiriko auzo ezberdinetan dispositibo koordinatu bat abian jartzeko.
Dispositiboaren eta lapurreta egindako lekuetan jasotako ebidentzien analisiaren ondorioz, jakin ahal izan zuten egitateen egilea mota bereko delituengatik zigor-aurrekariak zituen gizon bat zela, eta joan den asteartean atxilotu zuten, beraz, Lakuan.
Atxilotu ondoren, gizona polizia-egoitzara eraman zuten bi polizia-kidegoetako ikerketako unitateek instruitutako eginbideekin jarraitzeko. Ikerketa zabalik dago atxilotuaren etxean egindako miaketa judizialean konfiskatutako objektuak aztertzen ari diren bitartean.
Atxilotua gaur goizean zehar jarriko dute Gasteizko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.