Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0402 Hiru atxilotu Irunen hiru gazteri eraso eta lapurreta egiteagatik

Hiru atxilotu Irunen hiru gazteri eraso eta lapurreta egiteagatik

Servicio de prensa

2022-05-23

Ertzaintzak 19 urtetik 23 urtera bitarteko hiru pertsona atxilotu ditu Irunen, bertako diskoteka baten kanpoaldean hiru gazteri eraso eta lapurreta egitea leporatuta. Bestalde, beste pertsona bati eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, egintzetan parte hartzeagatik. Erasoaren ondorioz, biktimak ospitalera eraman behar izan zituzten lesioak sendatzera.

Atzo goizeko sei eta erdiak aldera, Ertzaintzako agenteei eskatu zieten Irungo Kolon Pasealekura agertzeko, hainbat pertsona borrokan ari baitziren.

Lekura iritsi zirenean, biktimetako batek agenteei esan zien diskotekatik irten zirenean gazte batek poltsa lapurtu nahi izan ziola, eta beste hiru pertsonak lagunduta lurrera bota zutela eta ostikoak eman zizkiotela konortea galdu arte. Biktimaren bi lagun tartean sartu ziren erasoa geldiarazteko, eta hauek ere jo egin zituzten lapurrek. Azkenean, poltsa hartuta ihes egin zuten.

Ustezko lapurrei buruzko informazioa bildu ondoren, ertzainek horiek bilatzeko dispositibo bat jarri zuten abian, eta horietako hiru inguruan aurkitu eta atxilotu zituzten indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Lorategi-eremu batean aurkitu zituzten ertzainek biktimetako bati lapurtutako objektuetako batzuk, eta itzuli egin zizkioten.  Atxilotuak polizia-egoitzara eta biktimak osasun-zentro batera eramaten zituzten bitartean, beste patruila batek aurkitu zuen laugarren erasotzailea, eta egitate berberak leporatu zizkioten.

Hiru arrastatuak gaur goizean bertan jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan.