Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0428 Beasain, hiru atxilotu gazte bati eraso egin eta telefono mugikor bat lapurtzeagatik

Beasain, hiru atxilotu gazte bati eraso egin eta telefono mugikor bat lapurtzeagatik

Servicio de prensa

2022-06-05

Ertzaintzako agenteek gaur, igandea, goizaldean hiru gizonezko, 18 urteko bat eta 19 urteko bi, atxilotu dituzte Beasainen, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu baten egileak direlakoan. Itxuraz, hiru gazteek beste gazte bati eraso diote eta telefono mugikorra lapurtu. Ertzainek telefonoa berreskuratu dute. Biktima anbulantzian eraman behar izan dute ospitalera, eragin dizkioten zauriak artatzera.

Gaur goizaldeko bostak baino pixka lehentxeago, Beasaingo Udaltzaingoak Ertzaintzari ohartarazi dio ustez gazte batzuk borrokan ari zirela Gipuzkoa Plazan. Herritarren babeserako patruilak bertaratu direnean, aurpegiko zauri batetik odola zerion eta beste kontusio batzuk zituen gazte bat aurkitu dute. Biktimak jakinarazi die hiru gizonezkok eraso egin eta telefono mugikorra lapurtu ziotela. Aditzera eman duenez, ostikoak jo zizkioten eta burua lurzoruaren kontra kolpatu. Bertan zeuden beste pertsona batzuek erasoa berretsi dute.

Poliziek, inguru horretan, susmagarriak geldiarazi dituzte, eta horietako batek telefono mugikor bat ibilgailu baten azpian ezkutatzen zuela ikusi dute. Telefonoa jaso, eta biktimari lapurtutako telefono mugikorra zela egiaztatu dute. Hori dela eta, hiru gizonezkoak atxilotu dituzte, indarkeria erabiliz egindako lapurreta-delitua egotzita.

Gazte zauritua Zumarragako ospitalera eman behar izan dute anbulantzian, harekin batera kolpeak jaso zituen ezagun bat ere eraman dute.

Ertzaintza ikertzen ari da atxilotuek beste lapurreta batzuetan ere parte hartu duten.