Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0473 Bilbon atxilotu dute borroka batean bakeak egiten saiatu zen gizon bati labanarekin eraso egin ondoren

Bilbon atxilotu dute borroka batean bakeak egiten saiatu zen gizon bati labanarekin eraso egin ondoren

Servicio de prensa

2022-06-19

Ertzainek 28 urteko gazte bat atxilotu dute gaur goizean, beste gizonezko bati labanaz eraso egitea leporatuta. Biktimari labana sartu dio hanka batean eta hainbat zauri egin dizkio, eta ospitalera eraman behar izan dute.

Goizaldeko seiak aldera Bilboko Telleria kalean herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila bati gazte batzuek jakitera eman diote hainbat pertsona borrokan ari zirela inguruan.

Ertzainak berehala hurbildu dira adierazitako lekura, eta ezkerreko izterrean zuen zauri batetik odola dariola zegoen gizonezko bat aurkitu dute. Patruilako kideek zer gertatu den galdetu diotenean, honek esan die pertsona batzuk borrokan ari zirela eta bera bakeak egiteko tartean sartu denean, borrokan ari zenetako batek bultza egin eta eskuan zeraman labana ezkerreko izterrean sartu diola.

Handik minutu batzuetara, erasotzaileak agiraka ere egin dio gazteari, eta gertaeraren lekuko batzuek labana kendu diote zaurituari berriz eraso egin ez ziezaion.

Horren aurrean, agenteek anbulantzia bat eskatu dute biktima artatzeko, eta anbulantziak ospitalera eraman du. Ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu egin dute lesio-delitu bat leporatuta, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman dute.

Atxilotua goizean jarriko dute agintari judizialaren eskuetan Bilboko Guardiako Epaitegian.