Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuak Anboton galdutako mendizale baten bila dabiltza
Prentsa Zerbitzua
2022-06-24
Atzo, osteguna, arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera, SOS Deiak 112 zerbitzuak jakin zuen mendizale bat, 25 urteko gizonezkoa, galduta zegoela Anboto mendian. Informazio horretan oinarrituta, mendizalea aurkitu ahal izateko kudeaketa batzuk egiten hasi ziren, baina ez zuten arrakastarik izan. Jarraian, Ertzaintza –Durangoko Ertzain-etxeko patruilak, Txakur Unitatea eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Atala–, Bizkaiko suhiltzaileak, DYA, Gurutze Gorria eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea gaztea bilatzeko mobilizatu zituzten. Bestalde, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako teknikari bat ari da arduratzen bilaketa-lanak koordinatzeaz, eta gau osoan zehar jarraitu dute etenik gabe gaztearen bila.