Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0488 Eibarko kafetegi batean lapurreta egin eta AP-8 eta AP-1 autobideetan atzetik jarraitu ondoren atxilotu dituzte

Ihesean agenteentzat edo errepideko gainerako erabiltzaileentzat arrisku larriko egoerak sortu dituzte
Eibarko kafetegi batean lapurreta egin eta AP-8 eta AP-1 autobideetan atzetik jarraitu ondoren atxilotu dituzte
2022-06-27
Ertzainek lau gizonezko atxilotu dituzte gaur, astelehena, goizaldean, Eibarko kafetegi batean lapurreta egin eta herrigunetik eta AP-8 eta AP-1 autobideetatik abiadura handian ihes egin ondoren. Ustezko lapurrek ez diete jaramonik egin atzetik segi dieten patruilei, eta arrisku larrian jarri dute agenteen eta errepideko gainerako erabiltzaileen segurtasuna. Ihesean objektuak bota dituzte polizia-autoen kontra, eta horiekin talka ere egin dute geldiarazi aurretik. Bi ertzain zauritu dira.
Goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote lapurretan ari zirela Eibarko kafetegi batean, eta lapurrak, lau gizonezko, une horretan kutxa erregistratzaile bat sartzen ari zirela autoan. Eibarren zaintza-lanetan ari zen herritarren babeserako patruila bat agertu da adierazitako lekura, eta Azitaingo bidean ikusi du ibilgailu susmagarria atzeko atea irekita zuela zirkulatzen. Polizia ikusi duenean, autoaren gidariak bat-batean bizkortu du martxa, emandako jarraibideei jaramonik egin gabe, eta une horretan patruila atzetik segika hasi zaio Eibarko herrigunean abiadura handian zihoan autoari.
Gero AP-8ko sarrerarantz abiatu da, eta autobidean objektuak botatzen hasi dira patruila-autoaren kontra, horien artean kutxa erregistratzaile bat, haurrak lotzeko aulki bat…, autoari eman eta istripua izan zezan. Ihesean debekatutako noranzko aldaketa bat egin du eta orduko 200 kilometro inguruko abiadurara iritsi da, eta arrisku larriko egoerak sortu ditu errepideko gainerako erabiltzaileentzat.
Une batean patruila gehiago hasi dira autoari segika, eta, azkenean, AP-1 autobidean sartu da eta tunel batean geldiarazi dute bi polizia-autok, nahiz eta horiek bidetik ateratzen ere saiatu den eta haien kontra talka ere egin duen. Horren ondorioz bi ertzain zauritu dira eta Mendaroko ospitalera eraman dituzte.
Autoan lau bidaiari, 35 urteko bi, 57 urteko bat eta 21 urteko beste bat zihoazen, eta berehala atxilotu dituzte hilketa-ahalegina, indarrez lapurreta egitea, atentatuaren delitua eta bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta. Jarraian arrastatuak polizia-egoitzara eraman dituzte beharrezko izapideak egitera, gero Agintari Judizialaren eskuetan jartzeko.