Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0547 Espetxeratu dute Donostiako saihesbidearen ingurabidean heriotza-istripua eragin, eta ihes egin zuen gidaria

Espetxeratu dute Donostiako saihesbidearen ingurabidean heriotza-istripua eragin, eta ihes egin zuen gidaria
2022-07-25
Atxilotua epailearen aurrera eraman dute gaur arratsaldean, eta epaileak hura espetxeratzea agindu du. Ertzaintzak, joan den larunbatean, Errenterian atxilotu zuen 27 urteko akusatua, furgoneta batekin trafikoko arauak hautsi, eta errepidearen gainerako erabiltzaileak arriskuan jartzen ari zenean.
66 urteko motozale baten heriotza eragin zuen gertaera tragikoa joan den ostiralean, goizeko bederatziak eta laurdenetan, gertatu zen, GI-20 errepidean, Gipuzkoako hiriburuan. Errepide-tarte horretako abiadura-mugaren gainetik zirkulatzen ari zen furgoneta batek motozikleta batekin talka egin zuen, eta, talkaren ondorioz, motoa errepidetik irten zen eta hesiaren kontra jo zuen. Motozalea belarretan etzanda geratu zen.
Zenbait pertsona gelditu, eta biktima artatu eta larrialdi-zerbitzuei deitu zieten arren, istripua eragin zuen gidariak ihes egin zuen. Segituan iritsi ziren, osasun-langileak eta Ertzaintza. Biktima artatu eta premiaz ospitale batera eramatearekin batera, patruilek gertatutakoari buruzko informazioa jaso zuten tokian bertan.
Egindako ikerketen ondorioz, istripua eragin zuen ibilgailua identifikatu, eta joan den larunbatean Errenterian aurkitu zuten Donostiarako noranzkoan zirkulatzen ari zenean. Agenteak furgonetaren jarraipena egiten hasi ziren, eta ikusi zuten furgonetako gidaria arauak hausten ari zela, sigi-sagaka eta eskuinetik zein ezkerretik aurreratzen ari baitzen eta, gainera, baimendutako abiadura baino askoz abiadura handiagoan, errepidearen gainerako erabiltzaileak arriskuan jarriz. Patruila batek Loiolako Erriberen parean geldiarazi ahal izan zuen furgoneta. Gidariari alkohol- eta droga-probak egin zizkioten eta bietan eman zuen positibo. Era berean, egiaztatu ahal izan zen ez duela inoiz gidabaimenik atera. Horren aurrean, agenteek gidaria atxilotu zuten, zuhurtziagabekeria larriaren ondorioz heriotza-istripu bat eragiteagatik eta alkoholaren eta droga toxikoen eraginpean gidatzeagatik. Era berean, istripua eragin eta tokitik ihes egitea eta gidabaimena lortu gabe gidatzea egotzi zitzaion.
Atxilotua, 27 urteko gizonezkoa, epailearen aurrera eraman dute gaur, astelehena, arratsaldean, eta epaileak hura espetxeratzea agindu du.