Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0852 Ertzaintzaren gomendioak online saltokietako “Black Friday” merkealdietan erosketa seguruak egiteko

Ertzaintzaren gomendioak online saltokietako “Black Friday” merkealdietan erosketa seguruak egiteko
2022-11-18
“Black Friday” merkealdi-eguna dela eta, datozen egunetan Internet bidezko salmentak handituko direla aurreikusten denez gero, Ertzaintzak hainbat aholku eman nahi dizkie herritarrei iruzurren biktima izan ez daitezen. Eguberri aurreko egun hauetan, ziberdelinkuenteen sareek beren jarduera areagotzen dute eta kontsumitzaileak engainatzen saiatzen dira. Oso garrantzi handikoa da prebentzioa eta erosketak segurtasunez egiteko neurri logikoak hartzea.
Azaroaren 25a Black Friday eguna izango da, Ameriketako Estatu Batuetatik datorren merkealdi-eguna. Izatez, deskontu-eguna izango da denda fisikoetan zein Internet bidezkoetan. Eskaintza horiek sortzen duten interesaren eta Eguberriak hurbil izatearen ondorioz, azken urteotan nabarmen hazi dira egun hauetan online egiten diren erosketak.
Aurreikus daitekeen Internet bidezko negozio-bolumenaren igoera handi hori baliatzen dute ziberdelinkuenteek erosleei iruzur egiten saiatzeko. Horregatik, funtsezkoa da herritarrak jakinaren gainean egotea, eta online merkataritza erabiltzean iruzur baten edo beste delitu-modalitate batzuen biktima izateko arriskuaren jakitun izatea.
Ertzaintzak zibersegurtasunari buruzko zenbait aholku eta nork bere burua babesteko neurriak aurkeztu ditu, online erosketak modu seguru eta fidagarrian egin daitezen.
- Plataforma seguru eta ezagunen bidez erosi. Produktuak ia dohainik eskaintzen dituzten saltokien susmoa hartu, eta jatorri ezezaguna duten edo mesfidantza sortzen duten produktuak ez erosi.
- Erne mezu masiboekin. Sare sozialen bidez partekatzen diren zalantzazko eskaintzetan ez erori, eta produktuak edo zerbitzuak oso prezio murriztuan agintzen dituztenen bideragarritasuna baloratu. Markaren web-orri ofizialean egiaztatzea gomendatzen da.
- Beste erosle batzuen iritziak irakurri. Askotan oso lagungarria izaten da web-gunea fidatzekoa den edo ez jakiteko eta iruzurrak saihesteko.
- Ordaindu aurretik, web-orriaren fidagarritasuna kontsultatu. Egiaztatu domeinua saltoki errealari dagokiola eta negozioaren helbidea zuzena dela, aldaketarik eta akats ortografikorik gabekoa, baita URLa “https://” hasten dela ere.
- Konfiantzazko WIFI sarea edo norberaren datuak erabili. Erosketak on line egitean, Wifi sare partekatu bat ez erabiltzea gomendatzen da, horrela bankuko datuak sare publiko batean partekatzea saihestuko baita.
- Ahal den guztietan aurreordainketako txartel bat edo txartel birtual bat erabili. Aldian behin berrikusi txartelaren edo bankuko kontuaren gaineko karguak.
- Ez ireki orotariko gaiei buruzko eskaintzak aipatzen dituzten jatorri ezezaguneko mezuetako estekak. Horren ordez, tekleatu joan nahi duzun orriaren helbidea.
Azken batean, zentzuz egin behar dira erosketak; hobe da eskaintza erakargarri bat galtzea iruzur baten biktima izatea baino. Eskaintzaren batek onegia ematen badu, baliteke artikulua faltsifikatua izatea, lapurtua izatea edo iruzurra izatea.