Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

23_0317 Amurrio, taberna batean indarra erabiliz lapurtu zuen gaztea atxilotu dute

Gaur arratsaldean espetxeratu dute era honetako delituetan behin eta berriz erortzeagatik

Amurrio, taberna batean indarra erabiliz lapurtu zuen gaztea atxilotu dute

Prentsa Zerbitzua

2023-05-24

Ertzaintzak joan den apirilean Amurrioko taberna batean lapurretan harrapatu zuten eta ihes egin zuen 21 urteko gaztea atxilotu du astearte honetan. Atxilotuak aurrekari ugari ditu era honetako egitateengatik, eta gaur eguerdian agintaritza judizialaren aurrera eraman dute eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du.

Inplikatuak azken lapurreta 2023ko apirilaren 30ean egin zuen. Ondarearen aurkako delituengatik azken urte eta erdian 35 atxiloketa baino gehiago dituen gaztea kasu hartan herritarren babeserako patruila batek ikusi zuen ihesi zihoanean.

Tabernara agertu ziren agenteek egiaztatu zuten lapurreta egin zutela, eta lokaleko kristal bat hautsita eta kutxa erregistratzailea manipulatuta zeudela.

Une horretatik aurrera, eta salaketa jarri ostean, Laudioko Ertzain-etxeko agenteak lapurreta egin zuen pertsonaren bila hasi ziren, eta atzo herrian bertan atxilotu zuten gauzetan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideekin jarraitzeko, eta, horiek amaitu ondoren, gaur eguerdian jarri dute Amurrioko Guardiako Epaitegiaren eskuetan eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du.

Laudioko Ertzain-etxeak, Arabako Probintzia Fiskaltzarekin koordinatuta, behin-behineko espetxeratzea eskatu zion epaileari, Ertzaintzak instruitu duen eta atxilotua inplikatzen duten arrazoizko kriminalitate-zantzu guztiak jasotzen dituen eginbide batean arrazoituta. Atxilotua behin eta berriz erori da delitu berean, eta bere ekintzek alarma sozial handia sortu dute.