Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

23_0321 Ordizia, arraza arriskutsuko txakur batekin mehatxatuz herritar bati lapurreta egiten saiatzeagatik atxilotu dute

Ordizia, arraza arriskutsuko txakur batekin mehatxatuz herritar bati lapurreta egiten saiatzeagatik atxilotu dute

Prentsa zerbitzua

2023-05-25

Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu du bart gauean Ordizian, arriskutsua izan daitekeen arrazako txakur batekin beldurra eraginez lapurreta egitea leporatuta.

Bart gauean, Ertzaintzaren patruila bat Ordiziako parke batean ustez gertatu den lapurreta baten abisura agertu da.  

Lekura iritsi direnean, agente jarduleek gertatutakoari buruzko informazioa bildu dute, eta, informazio horren arabera, ondorioztatu dute gazte batek, arriskutsua izan daitekeen arraza bateko txakur bat erabiliz, pertsona bat mehatxatu duela eta mugikorra eta diru-zorroa lapurtzen saiatu dela. Biktima, txakurra aske eta muturrekorik gabe zegoela eta jabeak xaxatu egiten zuela ikusita, parkeko txirrista batean gora igo da txakurrak hozka egin ez ziezaion. Txakurraren jabea, bere helburua lortu ez duenean, joan egin da.

Informazio horretan oinarrituta, polizia-baliabideak lapurreta egiten saiatu den pertsonaren bila hasi dira. Aurkitu dutenean, susmagarria American Staffordshire arrazako txakur batekin zegoen.

Horren guztiaren aurrean, patruila jarduleak gaztea atxilotu du beldurra erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman du zegozkion eginbideak hasteko. Arrastatuak indarkeria erabiliz egindako lapurretekin erlazionatutako polizia-aurrekariak ditu, eta gaur, osteguna, egunean zehar jarriko dute Tolosako Guardiako Epaitegiaren eskuetan.