Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

23_0322 Espetxera eraman dute Portugaleteko bulego batzuetan lapurretan harrapatu zuten emakumea

Espetxera eraman dute Portugaleteko bulego batzuetan lapurretan harrapatu zuten emakumea

Servicio de prensa

2023-05-25

Ertzaintzak 31 urteko emakume bat atxilotu du Portugaleten, lapurreta egiteko asmotan bulego batzuetan ustekabean harrapatu ondoren. Agintaritza Judizialak emakumea espetxeratzeko agindua eman du, delitua behin eta berriz egin duelako. Atxilotuak duela gutxiko aurrekari ugari ditu zaharren egoitza, ospitale eta ikastetxetan lapurreta egiteagatik.

Azkeneko egitateak joan den asteazken goizaldean, 04:30 aldera, gertatu ziren Portugaleteko PeƱota auzoko bulego batzuetan.  Ertzaintzari alarma-zentraletik jakitera eman zioten antza denez norbait bidegabe sartu zela eraikinean.

Lekura agertu ziren agenteek egiaztatu zuten bigarren solairuko leiho bat zabalik zegoela eta sarrerako ateak behartu izanaren arrastoak zituela.

Barrura sartu zirenean, ertzainek emakume bat harrapatu zuten ustekabean, honek labana bat eta bihurkin bat zeramatzan, segur aski sarrerak behartzeko erabili zituenak.

Horren aurrean, ustezko lapurra gauzetan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten, eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak hasteko. Horiek amaitzean, Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten, eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen, bere delitu-jarduera jarraituaren ondorioz.

Atxilotua askotan atxilotu izan dute azkenaldian Bizkaiko hirugarren adinekoen egoitza, osasun-zentro eta ikastetxetan egindako lapurretengatik. Emakumeak beti modus operandi bera erabiltzen zuen: instalazioetan sarbideak behartuta sartzen zen, eta, inor konturatu ez zedin, bertako langileen antzeko uniformeak edo mantalak janzten zituen. Barrura sartzen zenean, kutxa gotorretako dirua, kreditu-txartelak eta gero kobratzen saiatzen zen txekeak lapurtzen zituen.