Cabecera contenido seccion historia

Eduki publikatzailea

Eskubide Historikoa

Ertzaintzaren jatorria Euskadiko polizia gisa antzinako udal milizietan dago. XIX. mendean, lehenengo polizia-kidego profesional iraunkorrak ezarri ziren, gizarte- eta politika-asaldaketek bultzatutako bandolerismoari aurre egiteko. Lehenengo gerra karlistan, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mikeleteak eta Arabako Miñoiak sortu ziren.

Gerraren ostean, administrazio zentrala kidego horien funtzioak berreskuratzen saiatu zen Guardia Zibilerako, baina ez zuen lortu.

Bigarren gerra karlistaren amaieran, foru-polizien eskumenak eta kide-kopurua asko murriztu ziren baina, hala ere, euren funtzioak egiten jarraitu zuten.

1936ko urriaren 1ean, indarrean jarri zen Euskal Autonomia Estatutua eta, horretan oinarrituta, apur bat geroago, gobernu autonomikoa eratu zen. Segurtasun publikoa, hasi berria zen gerra zibilak baldintzatuta, lehentasunezko helburu bihurtu zen gobernu berrirako.

Euskal Herrizaintza Sailak hainbat erakunderen oinarriak jarri zituen, hala nola, Nazioarteko Polizia, Itsas Polizia eta Ordena Publikoko Kidegoa. Hala ere, segurtasun publikoaren arloko neurri nagusia, zalantzarik gabe, Ertzañaren sorrera izan zen. Oinezkoen Atala eta Motordun Atala (Igiletua) zituen, eta, guztira, mila eta bostehun agente inguru zeuden.

Gerra amaitu ondoren, Ertzaña desegin egin zen. Hala ere, neurri hori ez zen inolako lege-arautan jaso, erregimen frankistak erakunde hori inoiz existitu izan ez balitz bezala jardun zuelako.

Ertzaña eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-kidegoak desegin eta gero, Araban eta Nafarroan geratu ziren euskal foru-poliziak izandakoen gotorleku bakarrak.

Demokrazia berrezarri eta gero, berrogei urte geroago, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak hogeita hamaseiko Ertzañaren espiritua berreskuratu zuen eta, horrela, 1980an, Euskadiko polizia autonomo berria diseinatu zuen, Ertzaintza. Errege Dekretu batek Bizkaiko eta Gipuzkoako Foralak eta Mikeleteak berrezarri zituen, eta konfigurazio berria eman zion Arabako Miñoien kidegoari. Erakunde horiek elkartuta, Euskal Polizia sortu zen. Beraz, foru-poliziak gaur egungo Ertzaintzaren araudi-erreferentea dira.

Polizia berri hori modu antolatuan hazi zen 1982tik aurrera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko geografia osotik hedatu zen, apurka-apurka. Horrela, 1995ean, lurralde osoaren ardura hartu zuen, estatuko polizia-kidego ezberdinak ordezkatuz. Urte guzti horietan, erregulartasunez, agenteek ateratzen ari dira Euskal Herriko Polizia Ikastegitik (Arkaute). Agente horiek polizia-zeregin guztiak egiteko prestatuta daude. Hedatzea erakundeak zaintzeko eta trafikoa arautu eta kudeatzeko eskumenekin hasi zen. Ondoren, mailaz maila, herritarren segurtasunaren ardura bere gain hartu zuen lurralde osoan eta1995ean goreneko mailara iritsi zen, Vitoria-Gasteizera heldu zenean.

Gaur egun, Ertzaintzak 8.000 agente ditu, eta horiek bi alorretan banatuta daude. Alor bakoitza polizia-zeregin zehatzetan espezializatuta dago. Giza talde horren zeregina da herritar guztien eskubideak eta askatasunak babestea eta euren segurtasuna bermatzea edozein delinkuentzia-motaren aurrean.

Ertzaintzaren hedatzea