Cabecera contenido seccion odio discriminacion

Eduki publikatzailea

La Ertzaintza y los incidentes de odio2

Ertzaintza eta gorroto-iskanbilak

Ordenamendu juridikoan aitortutako Oinarrizko Eskubideak eta Askatasunak pertsona guztientzat eta berdintasunean bermatzea eta defendatzea estatu sozial eta demokratikoaren funtsa dira. Eskubide horiek nazioarteko erakundeek (NBE, EB, Europako Kontseilua, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundea-ESLE ...) emandako ebazpenen arabera interpretatzen dira, eta estatuek nahitaez bete behar dituzte eurek sinatutako itunen, gidalerroen eta gomendioen bidez, nazioarteko testuingurura ere lotzen baitituzte.

Ez-bereizkeriaren printzipioa aplikatzea, bereizkeriaren aurkako tratu berdinaren defentsa, ezinbestekoa da elkarbizitza bermatzeko eta, beraz, gorroto-delituen jazarpena lehentasunezkoa da Ertzaintzarentzat. Intolerantziak motibatutako arau-hauste penal horiek jazartzea da kontua. Horien justifikazio bakarra aurreiritzietan datza, estereotipoetan, heterofobian eta etnozentrismoan oinarrituta, eta biktimengan eragin handia sortzen dute, baina horrez gain, beldurtu ere egiten dute, biktimaren talde osoari mehatxu-mezua botaz. Ondorioz, taldeko oso kalte sozial handia sortzen da eta oinarrizko eskubideak urratzen dira.

Aurreiritziek gorrotoa elikatzen dute eta eraso fisiko edo hitzezkoen forma har dezaketen intolerantzia-adierazpenentzako oinarriak ematen dituzte. Halaber, zenbait pertsona edo talde zehatzi tratu berdina ukatzen dioten diskriminazio zuzeneko edo zeharkako bazterkeria-jarrerak bultzatzen dituzte.

Ertzaintzak, nazioarteko erakundeen gomendioen arabera, honako betebehar hauek ditu:

  • Jazartzea, besteak beste, jende-talde baten edo talde horretako kide baten aurkako jendaurreko indarkeria edo gorrotoa pizteko intentzioz jokatzea eta aurreko egintzak egitea, idatziak, irudiak edo bestelako materialak zabaltzearen edo banatzearen bidez, arreta berezia jarrita Interneten eta sare sozialetan, gorrotoaren diskurtsoa gero eta ugariagoa delako.
  • Ziurtatzea arau-urraketa arrazista, xenofobo eta intolerante guztiak ikertzen direla, baita horrelako motibazio bat duten urraketa guztiak ere, gertatzen diren delitu asko, hainbat arrazoirengatik, ez direlako salatzen.
  • Animatzea gertakari arrazista, xenofobo eta intoleranteen biktimak gertakariok salatzera.
  • Bermatzea arraza-jatorrian, etnian, nazionalitatean eta intolerantzian oinarritutako motibazio guztiak ebaluatu eta ikertu direla.

Arrazakeriaren, diskriminazioaren, xenofobiaren eta horrekin lotutako beste intolerantzia-forma batzuen bilakaera ezagutzea funtsezko faktorea da prebentzio- eta babes-neurri eraginkorrak garatzeko. Horretarako, gorrotoak edo diskriminazioak eragindako ekintza bortitzen inguruko datu-bilketa sistema bat artikulatu da. Asmoa da jarraipena egitea, kexak eta epaiak zenbatzea, estatistikak argitaratzea eta borrokako plan-integrala garatzea.