Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

16_0729-eu

Idiazabal, hiru atxilotu elkarte gastronomiko batean lapurtzeagatik

Prentsa bulegoa

2016-07-08

Oriako ertzain-etxeko agenteek gaur, ostirala, goizaldean hiru gizonezko atxilotu dituzte, Idiazabalgo elkarte gastronomiko batean lapurtzen saiatzearen akusaziopean. Akusatuetako bat, 21 urtekoa, ezustean harrapatu dute elkartearen barruan, eta, ihes egiten saiatu den arren, patruila batek atzeman du. Beste bi egileak aurretik bertatik ihes egin zuten arren, N-1 autobiaren inguruan eta autobusaren markesinan topatu dituzte.

Gertakariak goizaldeko 4:40ean, gutxi gorabehera, gertatu dira Idiazabalen (Gipuzkoa). Partikular batek Ertzaintzari bere etxe ondoko lokal batean zaratak entzun zituela ohartarazi ondoren, ordu horretan hurbildu da Zepai kalera Ertzaintzaren patruila bat. Bertaratu diren agenteek ikusi dute elkarte gastronomikora sartzeko atea behartuta zegoela, eta barrura sartu dira. Gizonezkoa lokalera sartzeko atearen atzean ezkutatuta zegoen eta ustekabean hartu ditu agenteak. Lasterka ihes egin du bertatik, baina hurbil zegoen beste patruila batek susmagarria atzeman, eta identifikatu du.

Atxikitako pertsonak elkarte gastronomikoan lapurtzeko saioan parte hartu duen zantzuak daudenez gero, eta bere bizitokitik Idiazabalera joateko erabilitako ibilgailua inguruan zegoela kontuan izanik, agenteek bortxa erabilita lapurreta egitearen delituaz akusatuta atxilotu dute 21 urteko gaztea.

Ondoren, agenteek jakin dute beste bi kidek ere parte hartu zutela lapurretan eta haiek iritsi baino lehen ihes egin dutela. Lekuko batzuk haien deskribapena eman dute. Hori dela eta, Oriako ertzain-etxeko agenteek pertsona horiek bilatzeko operatiboa jarri dute abian, eta goizeko seiak inguru ustez lapurretan nahasita dagoen 19 urteko gazte bat aurkitu dute. Gaztea N-1 autobian atzeman dute, Gasteizerako norabidean, bide horretatik zebiltzan ibilgailuei keinuak egiten ari zela. Ondoren, beste patruila batek goizeko zortzi eta erdian ustez lapurretan nahasita dagoen hirugarren pertsona, 19 urteko beste gazte bat, aurkitu du herriko Kale Nagusiko autobusaren markesinan, garraio publikoa iritsi zain. Hiru gazteek antzeko gertakarien ondoriozko delitu-aurrekariak dituzte, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea nahasita dauden azken egunetan Azkoitiko eta inguruko herrietako elkarte gastronomikoetan edo antzekoetan izan diren eta oraindik argitu gabe dauden lapurretetan.

 

 

Jarraitu Twitter-en

@ertzaintzaEJGV