Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Bilbao, bi gizabanako atxilotuta turista bati poltsa bat lapurtzeagatik
2016-08-20
Bilbaoko ertzain-etxeko agenteek, atzo arratsaldean, 16 eta 25 urteko bi gizabanako atxilotu zituzten, ebasketa-delitu baten akusaziopean. Susmagarriek, ustez, turista britainiar baten poltsa deskuiduaren metodoa erabilita lapurtu zuten, eta, dirua gorde ondoren, poltsa edukiontzi batean bota zuten.
Atzo arratsaldeko zazpi eta erdiak pasata, Ertzaintzak partikular baten abisua jaso zuen. Berriemaileak aditzera eman zuenez, bi gizabanako poltsa bat arakatzen aritu ziren eta, bertan zegoen dirua gorde ondoren, Gas Plazako edukiontzi batean bota zuten poltsa. Jarraian, berriemailearen arabera, gizabanakoak —haien deskribapena eman zien— Etxebarria parkerantz joan ziren.
Informazio hori kontuan izanik, Ertzaintzak patruila bat bidali zuen parke horretara, susmagarriak aurkitzen saiatzera. Aldi berean, beste dotazio bat Gas Plazara joan zen. Han, ertzainak harremanetan jarri ziren berriemailearekin eta, haren adierazpenei esker, poltsa aurkitzea lortu zuten; ustezko biktimaren zenbait kreditu-txartel eta dokumentazio pertsonala ere aurkitu zituzten.
Geroxeago, susmagarriak aurkitu zituzten Etxebarria parkean, Udaltzaingoaren dotazio batek atzematen zituen unean. Susmagarriak 16 eta 25 urteko bi gizabanako gisa identifikatu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, ertzainek atxilotu egin zituzten gizabanakoak, ebasketa-delitu baten akusaziopean, eta polizia-egoitzara eraman zituzten.
Bestalde, geroxeago lapurretaren biktima aurkitu zuten, turista britainiar bat. Gertatutakoaren ondoriozko salaketa jarri ondoren, bere gauzak itzuli zizkioten.