Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

18_1145-eu

San Mameseko kontzertuak jende asko elkartzen den ekitaldietarako Europako segurtasun-proiektu bat aztertzeko balio izan zuen, eta Ertzaintza proiektu horretan parte hartzen ari da.

Prentsa bulegoa

2018-11-05

Joan den larunbatean, MTV Week Music-en baitan San Mamesen egin zen kontzertuak jende asko elkartzen den ekitaldietako segurtasun-erreminta berriak txekeatzeko balio izan zuen. Txekeo hori LETSCROWD izeneko Europako proiektuaren baitan egin zen, eta Ertzaintzak nazioarteko adituekin batera parte hartzen du bertan. Batez ere aplikazio informatikoak dira, esate baterako, denbora errealean ebakuazioa hobeto egiteko, monitoreen bidez arrisku-egoerak eta pertsona susmagarriak hautemateko edo sare sozialen eta horiek ekitaldian izan dezaketen eraginaren jarraipena egiteko. Probak kontzerturako antolatutako segurtasun-dispositiboa oztopatu gabe egin ziren.

LETSCROWD Europar Batasunaren proiektu bat da, 2017ko maiatzean jarri zen abian, bertan zortzi herrialdetako hainbat ikerketa-zentrok, polizia-kidegok, administraziok eta enpresak parte hartzen dute, eta pertsona asko elkartzen diren ekitaldietan (manifestazioetan, kontzertuetan edo kirol-ekitaldietan, esate baterako) segurtasuna hobetzera bideratuta dago.  Espainiako, Alemaniako, Erresuma Batuko, Belgikako, Italiako, Portugalgo, Errumaniako eta Israelgo beste polizia kidego eta enpresa teknologiko batzuekin batera parte hartzen du Ertzaintzak ikerketa eta berrikuntza lan honetan, Brigada Mugikorreko, Aginte eta Kontrol Zentroko eta Inteligentzia Bulego Nagusiko espezialisten bidez.

Programa honek, besteak beste, polizia-kidegoentzat eta larrialdietako zerbitzuentzat diren kudeaketa-teknologiak garatzen ditu, eta horietan sartzen dira: monitorizazio-erremintak, jendetzaren mugimenduak aurreikusteko eta simulatzeko ereduak, masa-komunikaziorako prozedura berriak, sare sozialetako adimen semantikoa eta irudi-teknologiak pertsona susmagarrien jarraipena egiteko.

Erreminta horietako batzuk oraindik garatzen ari dira, eta atzo, igandea, Barakaldoko BECen egin zen MTV musika-sariak banatzeko ekitaldiaren aurretik antolatutako San Mameseko kontzertuan probatu ziren.  

Kontzertuan Kantabriako Unibertsitateak diseinatutako bi erremintarekin egin zen proba: denbora errealeko ebakuaziokoa –RTE: Real Time Evacuation– eta arriskuen analisirakoa –PSD: Pre-Definitión Security Decisión–. Expert Systems enpresak, bestalde, SIE –Semantic Inteligence Engine– probatu zuen, sare sozialen analisirako ingeniaritza semantikoko motor adimendun bat.  UNICAk (Cagliariko Unibertsitatea) HCV –Human Centred Computer Visión– diseinatu du eta hori probatu zuen. Irudien tratamendurako algoritmo sorta bat da, eta operazioetako langileei alarma seinaleak hautematen laguntzeko da.  Azkenik, Espainiako ETRA i+D enpresak, proiektuaren koordinatzaileak, PMT –Policy Making Toolkits–, segurtasun-politikak formulatzeko erreminta bat, aztertu zuen.  

Horretarako, Europako programako adituak behaketa-lanean aritu ziren, kontzertua oztopatu gabe, Deustuko Ertzain-etxean eratu zen kontzertuaren krisi-mahaian.  Gainera, aditu-talde bat arratsaldean kontzertua izango zen lekuan izan zen, testatu nahi ziren erreminten kontrol-proba hurbiletik jarraitzeko. Aipatutako enpresez eta unibertsitateaz gainera, taldean Italiako Poliziaren eta Madrilgo Udaltzaingoaren ordezkariak ere bazeuden. Bilbon egindako egiaztapenak baliagarriak izango dira ekitaldi handietako segurtasun-dispositiboak abian jarri aurretik aplikazio berri horiek baliozkotzeko edo zuzentzeko.

 

Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian eta Iurretako Basean joan den maiatzaren amaieran elkartu zen 2019an amaitzekoa den Europako proiektuan lanean ari den mahai teknikoa. Adierazitako programa horrek, kudeaketa-teknologiak garatzeaz gainera, beste arlo batzuk ere lantzen ditu: arriskuak aztertzeko eta kudeatzeko metodologia dinamiko bat eta legelarientzako kontsulta-erreminta bat. Brigada Mugikorreko koordinazio buru Iosu Alonso komisarioa da Ertzaintzak proiektuan duen ordezkari nagusia, eta Koordinazio eta Inteligentzia unitateekin batera ari da bertan lanean.