Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

19_1176-eu

Atxilotu bat eta bi ikertu droga-trafikoagatik, Portugaleteko etxebizitza batean hainbat substantzia aurkitu ondoren

Prentsa bulegoa

2019-10-30

Ertzainek 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan den igandean Portugaleten, substantzia sorgorgarriekin trafikatzea leporatuta. Operatiboan ikerketapean geratu dira egungo bikote-laguna eta adiskide bat. Arrastatuak bikote-lagunarekin izandako genero-indarkeriaren arloko gertaera baten ondoren jarri zen agerian kasua.

Igande goizean emakume bati eraso egin zion bikote-lagunak Portugaleteko aparkaleku batean. Bizilagunek emakumearen oihuak entzun zituzten, eta hauek Ertzaintzari eman zioten gertaeraren berri. Gaztea ospitalean artatu behar izan zuten, kolpeak eta urradurak baitzituen aurpegian eta besoetan. Emakumeak salatu zuen bikote-lagunak tratu txarrak eman zizkiola, eta Ertzaintzaren baliabideak, beraz, bikotearen etxera hurbildu ziren eta 26 urteko gizonezkoa arrastatu zuten.
Biktimak, etxetik alde egiteko arropak hartzera joan zenean, poltsa bat atera zuen, eta agenteek poltsan droga zegoela ikusi zuten. Emakumeari poltsaren berri galdetu ziotenean, honek esan zuen bikote-lagunarena zela. Hori dela eta, ertzainek itxi egin zuten etxebizitza eta zaintzapean jarri zuten.
Agenteek berehala jarri zuten abian arrastatuak droga-trafikoan izan zezakeen inplikazioa argitzeko ikerketa. Horrela, etxebizitza miatzeko epailearen agindua eskatu zuten, eta etxebizitzan hainbat poltsatan banatuta kilo bat marihuana, 429 gramo anfetamina, 43 gramo kokaina, bi doitasun-balantza eta dirudienez transakzioak egiteko erabiltzen zuen telefono mugikor bat aurkitu zituzten. Ertzaintzak ikertzen jarraitu zuen, eta pertsona bat atxilotu zuen drogarekin trafikatzeagatik eta genero-indarkeriagatik, eta beste bi pertsona –erasoaren biktima izan zen bikote-laguna eta bien adiskide bat– ikerketapean geratu ziren drogarekin trafikatzea leporatuta.
 

Jarrai gaitzazu Twitter bidez

@ertzaintzaEJGV