Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Basauri, atxilotua denda batetik lau telefono mugikor lapurtzen saiatzeagatik
2019-11-07
Ertzainek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Basaurin, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Susmagarriak, dirudienez, beira-arasa bateko kristala hautsi zuen Zabalandi auzoko denda batean, eta 2.500 eurotik gorako balioa zuten lau telefono mugikor hartu zituen, baina lokaleko segurtasun-langileek harrapatu egin zuten.
Atzo, asteazkena, arratsaldeko sei eta erdiak aldera, Ertzaintzak Basauriko Zabalandi auzoko denda baten arduradunen abisua jaso zuen. Berriemaileen arabera, gizonezko batek beira-arasa bateko kristala hautsi zuen 2.500 eurotik gorako balioa zuten lau telefono mugikor lapurtzeko.
Ertzaintzaren patruila bat dendara hurbildu zenean, arduradunek jakitera eman zioten susmagarriak gama altuko telefono mugikorrak erakusteko beira-arasa bateko kristala hautsi eta lau telefono hartu zituela lapurtzeko asmoz, eta bertako segurtasun-langileek harrapatu zutela horretan ari zenean.
Horren aurrean, ertzainek identifikatu egin zuten susmagarria, 22 urteko gizonezkoa, eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta polizia-egoitzara eraman zuten.