Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0273-eu

Espetxean sartu dute joan den igandean Bilbon egindako sexu-eraso batengatik

Prentsa bulegoa

2020-03-10

Epaileak behin-behineko espetxeratzea ezarri dio 33 urteko gizonezko bati sexu-erasoaren delitu bat leporatuta. Ertzaintzak Bizkaiko hiriburuan atxilotu zuen eta epailearen aurrera eraman zuen atzo, astelehena.

Susmagarriari salatzen zaizkion egintzak joan den igandean, arratsaldeko lehenengo orduan, gertatu ziren Bizkaiko hiriburuko gimnasio batean. Espetxeratu duten gizonezkoak, adierazitako gimnasioko entrenatzaileak, bizkarrean arazo muskular bat zuen bezero bati masaje bat emango ziola esan zion. Susmagarriak aurretik bazuen horren berri eta gazteak, beraz, baiezkoa esan zion.

Entrenatzaileak lokalean biak bakarrik geratu arte itxaron zuen masajea emateko, eta uneaz baliatuz eraso egin zion.

Gertaeraren ondoren, gazteak alde egin zuen lokaletik, eta lagun batekin harremanetan jarri ondoren Ertzaintzari eman zion gertatutakoaren berri. Ertzaintzak berehala jarri zuen abian era horretako delituetarako ezarritako prozedura.

Ertzaintza, gertaerari buruzko informazio guztia bildu ondoren, ustezko erasotzailearekin harremanetan jarri zen eta atzo, astelehena, Ertzaintzaren Bilboko egoitzara joateko hitzordua jarri zion, gertatutakoari buruzko deklarazioa egin zezan. Horren ondoren, agenteek sexu-erasoaren delitua leporatuta atxilotu zuten. Eginbideak amaitu ondoren, gizonezkoa epailearen aurrera eraman zuten, eta honek espetxean berehala sartzeko agindua eman zuen.