Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Bilbo, atxilotua bi gizonezkori labana batekin eraso egiteagatik
2020-03-12
Ertzainek 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute goizaldean Bilbon, lesio-delitu larria leporatuta, Cosme Echevarrieta kalean beste bi gizonezkori arma zuri batekin eraso egin ondoren. Biktimetako bat osasun-zentro batera eraman dute, buruan eta besaurrean ebaki sakonak baitzituen, eta bigarren zauritua, berriz, eskuineko belarrian ebakia zuelako eraman dute.
Erasoa gaur goizaldeko bostak aldera gertatu da Bizkaiko hiriburuan, eta 27 urteko gizonezko bati eginbideak ireki dizkiote lesio-delitu larri batengatik.
Ordu horretan, Mazarredo eta Ercilla kaleen elkargunean segurtasun-lanetan ari zen Bilboko Ertzain-etxeko herritarren segurtasunerako patruila batek bi gizonezko ikusi ditu bata bestearen atzetik korrika. Agenteek bi gizonezkoak geldiarazi dituzte, eta batek buruan 15 bat zentimetroko ebaki sakona eta besaurrean 10 bat zentimetrokoa zituela ikusi dute. Agenteak bi inplikatuekin hizketan ari zirela, eskuineko belarrian ebakia zuen beste gizonezko bat hurbildu da. Bi biktimek ertzainei esan diete hirugarren gizonezkoak egin diela eraso labana batekin.
Ertzainek, gertatutakoa ikertu ondoren, jakin dute 27 urteko gizonezkoak labana batekin egin diela eraso beste biei Cosme Echevarrieta kalean, aurretik eztabaida izan ondoren. Erasoaren ondorioz, bi biktimak ospitalera eraman behar izan dituzte.
Arrastatua, atxilotu ondoren, polizia-egoitzara eraman dute beharrezko eginbideak egitera, epailearen aurrera eraman aurretik.