Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrolak egingo dituzte asteburuko joan-etorriak eragozteko
2020-04-02
Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrol bereziak egingo dituzte, bihar hasita igandera arte, errepide eta garraio-geltokietan, asteburuan Euskadiko eta Euskaditik kanpoko bigarren etxebizitzetara joatea eragozteko. Konfinamendu-neurriak ez betetzeak zigorra ekar dezake, Herritarren Segurtasunerako Legearen arabera, eta arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izango da eta kasu larrietan hortik gorakoa.
Prebentzio-kontrol horien bidez bermatu nahi da betetzen direla alarma-egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu eta jarduera murrizketak. Une hauetan pertsonek, funtsean, lan-jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu dezakete bide publikoetatik. Debekatuta dago oporretako edo aisialdiko irteerak egitea. Konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar da.
Horretarako, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako patruilek frogaketak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Frogaketa horiek errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dira.
Horrez gainera, gogoratzen da, osasun publikoaren larrialdi eta alarma egoera hau betetzeko, Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango duela osasun publikoarekin, segurtasunarekin, trafikoaren arintasunarekin edo adierazitako arrazoiengatik ibilgailu jakinen zirkulazioa mugatzearekin zerikusia duten arrazoiak direla eta. Bestalde, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango die gidariei.
Jarduerari eta mugikortasunari buruzko Ertzaintzaren eta udaltzaingoen irizpideak herenegun eguneratu ziren, eta, besteak beste, esteka hauetan kontsulta daitezke:
https://bit.ly/2wM0gxd (gaztelaniaz)
https://bit.ly/2R4vkzb (euskaraz)
Ertzaintzak AP-68n jarritako kontrol baten bideoa https://www.youtube.com/watch?v=Pt3TqMxOgRA