Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Oiartzunen gidari bat atxilotu dute droga-testean positibo emateagatik eta anfetaminak eta haxixa edukitzeagatik
2020-04-17
Ertzainek 38 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart gauean Oiartzunen, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Arrastatua autoan zihoan, eta positibo eman du droga-kontrolean. Horrez gainera, anfetamina eta haxixa atzeman dizkiote.
Bart gaueko hamabiak aldera, herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek auto bat ikusi du GI-2134 errepidean, Oiartzun parean, abiadura handian zirkulatzen. Polizia-dotazioak berehala geldiarazi du autoa, eta bidaiari bakarrak, gidariak, substantzia sorgorgarrien eraginpean egotearen sintomak zituela ikusi dute. Dagokion droga-kontrola egin diotenean, positibo eman du anfetaminetan, eta zehatu egin dute, beraz.
Horrez gainera, gidariaren eserlekuaren azpian hauts zuri bat zuen poltsa bat aurkitu dute, guztira bost bat gramo, eta inplikatuak esan die anfetamina zela. Bere gauzen artean, praka-poltsiko batean, haxix zati bat ere aurkitu diote. Ebidentzia horien aurrean, eta substantzia horiek erostetik zetorrela aitortu ondoren, substantziak kendu egin dizkiote eta atxilotu egin dute osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta, eta akta bat ere abiarazi diote alarma-egoeran ezarritako neurriak urratzeagatik.
Errenteriako Ertzain-etxean beharrezko polizia-izapideak egin ondoren, atxilotua aske utzi dute, eta datozen egunotan agertu beharko du epailearen aurrera.