Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0398-eu

Hiru atxilotu genero-indarkeriagatik Bizkaian eta Gipuzkoan

Prentsa bulegoa

2020-04-17

Azken hogeita lau ordu hauetan, Ertzaintzak 44 urtetik 55 urtera bitarteko hiru gizonezko atxilotu ditu Erandion, Santurtzin eta Donostian, genero-indarkeriaren delituak leporatuta.

Lehenengo gizonezkoa atzo goizean atxilotu zuten Bizkaiko Erandio herrian, emakume batek salatu ondoren senarrak eraso egin ziola. Horrez gainera, etxera hurbildu ziren agenteei biktimak esan zien ohikoa zela senarrak iraintzea eta hiltzeko mehatxua egitea, eta aurretik ere inoiz eraso egin ziola. Biktimak esandakoa entzun ondoren eta ustezko erasotzailea kalera irten zela jakinarazi ondoren, gizonezkoa aurkitu eta genero-indarkeriaren delitua leporatuta atxilotu zuten. Etxebizitzan agenteek arrastatuaren su-arma bat aurkitu zuten.

Arrastatua, 49 urtekoa, atzo arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera, eta epaileak urruntze-agindua eman zuen.

Bigarren gizonezkoa atzo gauean atxilotu zuten Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko kale batean. Salaketa jarri zuen emakumearen arabera, bikotearen arteko harremana zaila da eta urtetan jasan ditu tratu txar fisikoak eta psikikoak, eta inoiz mehatxatu ere egin du arma labur batekin. Agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, emakumeak ubeldura nabarmenak zituen besoetan, eta gizonezkoa atxilotu egin zuten, beraz. Etxebizitza miatu zutenean, agenteek arma labur detonatzaile bat aurkitu zuten ohe bateko koltxoi azpian ezkutatuta.  Kasu honetan, gainera, emakumeari eginbideak abiarazi zizkioten etxeko indarkeriagatik, gizonezkoak ere lesioren bat baitzuen hanka batean.

Azkenik, goizaldean familiako beste indarkeria kasu bat gertatu da Bizkaiko Santurtzi herrian. Salaketa jarri duen emakumearen arabera, familian eztabaida izan dute eta senarrak jo egin ditu bera eta alaba. Agenteek ikusi dute bi emakumeek erasoaren marka nabarmenak zituztela, eta atxilotu egin dute, beraz, ustezko erasotzailea. Arrastatua, 55 urtekoa eta polizia-aurrekariak dituena, gaur goizean bertan eraman dute epailearen aurrera.