Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0402-eu

Ertzaintzak nabaritu du gora egiten ari direla Euskadin sextortsio-ahaleginak

Prentsa bulegoa

2020-04-17

Ertzaintzako Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan egindako sextortsio-ahaleginei buruzko hogei bat jakinarazpen jaso ditu aste honetan. Forman xehetasun batzuk aldatzen diren arren, ziberdelitugileak biktimei xantaia egiten ahalegintzen dira Internet bidez mezuak bidalita, dirudienez euren ordenagailuetatik lortutako irudi intimoak ez zabaltzearen truke.

Azken lau egunotan Ertzaintzak hogei bat jakinarazpen jaso ditu delitu informatikoen abisuetarako postontzian (di@ertzaintza.eus), eta jakinarazpen horiek bidali dituzten pertsonen arabera, ziberdelitugileen estortsio-ahaleginen biktima izan dira, eta dirua eskatu diete sexu-edukia duten irudiak ez hedatzearen truke. Normalean, estortsiogileak delitugile-talde antolatuak izaten dira, eta doako kontuak erabiltzen dituzte Internet bidez hedatutako zerrenda batzuetatik hautatzen dituzten biktimei mezu masiboak bidaltzeko.

Aldian behin, Interneteko plataformei eraso egiten diete talde antolatuek, gero delituak egiteko erabiliko dituzten identitateen iraulketak lortzeko. Lortzen dituzten zerrenda horiek erabiliz, delitugileek mezu elektronikoak bidaltzen dituzte, normalean ingelesez, eta biktimei adierazten diete euren ordenagailuetako jarduera monitorizatzen aritu direla eta ikusi dutela, esate baterako, haur-pornografiako guneetan sartu direla, helduentzako sexu-edukiak ikusi dituztela edo bestelako jarduera intimoetan aritu direla. Mehatxuak sinesgarri egiteko, zerrendetatik lortu duten pasahitzaren zati bat aipatzen dute.

Delitugileek dirua eskatzen dute, normalean diru birtualean, esate baterako bitcoinetan, biktimaren eduki pribatu horiek ez hedatzearen truke. 

Gomendioak:

Halako mezuren bat jasoz gero, lehenengo neurria izango litzateke ez irekitzea. Berez, ez litzateke inoiz ireki behar igorle ezezagun batek bidalitako mezurik. Ez ireki bertan agertzen den estekarik. Gorde, eta konfinamendua amaitzen denean edozein ertzain-etxetan jarri salaketa.

 

Ezagutzen diren kasu gehienetan gailua ez dute hackeatzen; baina, hala ere, web-orri batean sar zaitezke ((https://haveibeenpwned.com) helbide elektronikoa zerrenda horietan argitaratu den jakiteko.

Basque Cibersecurity Centrek ere eman du delitu-modalitate horen berri, bai bere web-orriaren bidez (http://www.bcsc.eus) bai twitter sare sozialaren @basquecscentre kontuaren bidez.