Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0499-eu

Mungian bi pertsona atxilotu dituzte plantazio bat zegoen pabiloi batean marihuana lapurtzen harrapatu ondoren

Prentsa bulegoa

2020-05-19

Ertzainek, Mungiako Udaltzaingoaren laguntzaz, 47 eta 31 urteko bi gizon atxilotu zituzten joan den astean, asteartean, industria-pabiloi batean lapurreta egin nahian harrapatu ondoren. Pabiloian legez kanpoko marihuana-plantazio bat aurkitu zuten. Atxilotuei apirilaren hasieran Eibarren lapurtutako furgoneta bat aurkitu zieten. Desegin duten plantazioak argiztapen, aireztapen eta ureztapen sistema aurreratuak zituen, eta argiaren eta uraren kontsumoan iruzur egiten zuen. Pabiloian 600 bat landare aurkitu zituzten hazkunde-fase ezberdinetan. Abian jarritako ikerketari esker identifikatu zituzten plantazioaren bi jabeak, higiezinaren errentariak, eta osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta zigor-arloko ikertu gisa geratu dira.

Egun horretan, gaueko hamaikak aldera, herritarren babeserako patruila bat Mungiako Basozabal auzora hurbildu zen, bertako Udaltzaingoak jakinarazi ondoren lapurretan ari zitezkeela bertako industria-pabiloi batean, ibilgailu bat ikusi baitzuten bertara iristen. Adierazitako lekura iritsi zirenean, agenteek egiaztatu ahal izan zuten pabiloira sartzeko atea behartuta zegoela, eta barruan motorra oraindik beroa zuen furgoneta bat aurkitu zuten. Horrez gainera, agenteak konturatu ziren marihuana-usain handia zegoela.

Agenteek berehala miatu zuten pabiloia, eta solairuarte batean bi gela aurkitu zituzten marihuanaren hazkuntzarako argiztapen, aireztapen eta ureztapen sistemez hornituta.  Gero egiaztatu ahal izan zutenez, pabiloian 600 bat landare zeuden hazkunde eta lehortze fase ezberdinetan, eta ur eta argi kanalizazioak manipulatuta  zeuden kontsumoan iruzur egiteko.  

Ertzaintzako eta Udaltzaingoko baliabideak pabiloia miatzen ari zirenean, zaratak entzun zituzten goiko aldean, eta bi pertsona ikusi zituzten aire-hodi batzuen artean. Identifikatu zituztenean, egiaztatu ahal izan zuten pabiloian hazten ari ziren marihuana lapurtzera joanda zeudela.

Horrez gainera, agenteek egiaztatu zuten pabiloira iristeko erabili zuten furgoneta orain dela hilabete Eibarren lapurtutakoa zela. Bi gizonek jada barruan sartuta zuten marihuana-landareak zituen poltsa handi bat. Horren aurrean, biak atxilotu eta Gernikako ertzain-etxera eraman zituzten.

Ertzaintzak abian jarritako ikerketari esker identifikatu dituzte instalazioaren eta plantazioaren arduradunak, orain dela zazpi hilabete pabiloia alokatu zuten bi gizonezko. Bi gizonak, 47 eta 37 urtekoak, zigor-arloko ikertu deklaratu zituzten polizia-eginbideetan. Lau inplikatuak eta polizia-txostena Gernikako Epaitegiaren esku jarri zituzten. Instalazioa itxi egin dute eta landareak analizatzeko erretiratu dituzte. 

Ertzaintzaren YouTube kanaleko bideorako esteka:

https://youtu.be/u_8Z_e094No)