Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0503-eu

Zierbenan hiru pertsona atxilotu dituzte Areeta auzoko garaje batean aparkatuta zegoen furgoneta batean lapurreta egiteagatik

Prentsa bulegoa

2020-05-20

Ertzainek hiru gizonezko atxilotu zituzten joan den astelehen arratsaldean, Zierbenako Areeta auzoan aparkatuta zegoen furgoneta batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Hiru akusatuak hainbat egun lehenago Bilbon lapurtutako auto batean joan ziren bertara, eta Areetako hondartzako aparkalekuan atzeman zituzten oinez ihes egin nahian ari zirela. Ertzaintzak lapurtutako hainbat material eta arropa berreskuratu ditu, eta egiaztatu ahal izan du objektu horietako batzuk atxilotuek Bilboko eta Muskizeko hainbat trasteleku eta garajetan egindako lapurretetakoak direla.

Joan den astelehenean, 13:30ean, pertsona batek Ertzaintzara deitu zuen Bizkaiko Zierbena herriko Areeta auzoko garaje batean aparkatuta zegoen furgoneta batean lapurreta egin zutela esanez. Ustezko hiru lapurrek Ford Focus batean alde egin zuten, eta autoa aurretik lapurtutakoa zen. Muskizeko Ertzain-etxeko hainbat baliabide berehala hurbildu ziren adierazitako lekura, eta patruiletako bat Areetako hondartzako aparkalekuan gurutzatu zen kontrako noranzkoan Muskiz aldera zihoan autoarekin. Agenteek noranzko-aldaketa egin zuten, eta aparkalekuan, errepidearen ondoan, aparkatuta aurkitu zuten Ford Focus autoa, eta lekukoak emandako deskribapenarekin bat zetozen hiru gizonezko oinez aldentzen ikusi zituzten. Agenteek hirurak geldiarazi eta identifikatu zituzten.

Ertzainek egiaztatu zuten hiru gizonezkoek parte hartu zutela furgonetan egindako lapurretan, eta, horrez gainera, egiaztatu ahal izan zuten delitua egiteko Zierbenara joateko erabili zuten autoa joan den larunbatean lapurtu zutela Bizkaiko hiriburuan. Hori guztia dela eta, hiru gizonezkoei indarra erabiliz lapurreta egitea eta motordun ibilgailu bat lapurtzea leporatu zieten.

Hiru pertsona horiek atxilotu izanari esker, ikerketaz arduratu diren agenteek hainbat objektu eta arropa berreskuratu ahal izan dituzte bai autoan bai eurek zeramatzaten gauzen artean, bai eta jantzita zituzten eta Bizkaian egindako lapurretatakoak ziren arropen artean ere. Ertzaintzak egiaztatu ahal izan du atzemandako objektu horietako batzuk Muskizeko mugapean, zehazki trasteleku eta garaje komunitariotan, egindako lapurretatakoak direla, eta guztira zazpi auto daude inplikatuta. Bestalde, egiaztatu ahal izan dute beste hainbat objektu Bilboko hainbat garaje eta ibilgailutan egin diren eta Ertzaintzan eta Udaltzaingoan salatuta dauden lapurretatakoak direla.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du atzemandako gainerako objektuen jatorria argitzeko, akusatuek beste lapurreta batzuetan inplikatuta ote dauden egiaztatu ahal izateko.

Arrastatu dituzten hiru gizonezkoak, 21, 23 eta 28 urtekoak, atzo, asteartea, eraman zituzten Epaitegira, eta karguak egotzita aske utzi zituzten.

 

 

Jarrai gaitzazu Twitter bidez

@ertzaintzaEJGV