Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dituzte kontrolak asteburuan joan-etorriak eta legez kanpoko jarduerak eragozteko
2020-05-21
Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan areagotu egingo kontrolak eta zaintza-lanak, lurraldez kanpoko bigarren etxebizitzetara joatea eragozteko. Horrez gainera, Euskadiko Poliziak disuasio-neurriak hartuko ditu hondartzetan eta aisialdiko guneetan jende asko elkartzea eta leku horiek oker erabiltzea eragozteko. Maskararen erabilera kontrolatzeko polizia-jarduketa, hasiera batean, informazioa ematera eta prebentzio-lana egitera mugatuko da.
Kontrolen eta zaintza-lanen bidez bermatu nahi da betetzen direla alarma-egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu eta jarduera murrizketak. Debekatuta daude oporretako edo aisialdiko joan-etorriak, eta konfinamendua ohiko bizilekuan bete behar da. Deskonfinamenduaren une honetan joan daiteke bigarren etxebizitzara baldin eta norberaren ohiko bizilekua dagoen lurralde historikoan badago. Bakoitza bizi den herriarekin muga egiten duten herrietara ere joan daiteke, nahiz eta azken horiek beste lurralde historiko batean egon.
Horretarako, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako patruilek frogaketak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Frogaketa-lanak errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dituzte. Bidaiatzen duten pertsonei desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango zaie.
Konfinamendu-neurriak ez betetzeak zigorra ekar dezake, Herritarren Segurtasunerako Legearen arabera, eta arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izango da eta kasu larrietan hortik gorakoa.
Maskarak erabiltzea ezinbestekoa
Bestalde, Ertzaintzak gogoratzen du gaurtik, maiatzaren 21etik, aurrera ezinbestekoa dela aurpegiko maskarak erabiltzea kalean, aire zabalean eta erabilera publikokoak diren edo jendearentzat irekita dauden leku itxietan baldin eta pertsonen artean bi metroko segurtasun-tartea utzi ezin bada.
Bestalde, adierazi behar da garraio publikoan nahitaezkoa dela maskara erabiltzea, baita ibilgailu pribatuetan ere elkarrekin bizi ez diren pertsonen kasuan.
Maskararen erabilera kontrolatzeko polizia-jarduketa, hasiera batean, informazioa ematera eta prebentzio-lana egitera mugatuko da.
Kontrolak hondartzetan eta aisialdiko guneetan
Gogoratzen da hondartzak eta aire zabaleko bestelako aisialdiko guneak etxe berean bizi diren pertsonekin paseatzeko edo kirola bakarka egiteko bakarrik erabili ahal izango direla.
Leku horietan ezin da etzanda egon eta ezin da jende asko elkartu. Hondartza batzuetan hauteman da ez direla arauak betetzen, eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek, beraz, disuasio-neurriak hartuko dituzte halako portaerak eragozteko, eta abisuak emateaz gainera isunak ere jarri ahal izango dituzte.
Jarduerari eta mugikortasunari buruzko Ertzaintzaren eta udaltzaingoen irizpideak (08 berrikusketa) esteka honetan kontsulta daitezke:
https://bit.ly/3cSznay
* Errepideko gaueko kontrol baten bideoa esteka honetan:
https://www.youtube.com/watch?v=VMQO1lUOjNI