Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0520-eu

Zornotza, espetxean sartu dute familiarteko bat hiltzea leporatuta

Prentsa bulegoa

2020-05-27

Joan den larunbatean, maiatzaren 23an, 40 urteko gizon bat espetxean sartu zuten ustezko hilketa leporatuta. Ustezko hiltzailea eta biktima iloba-osabak ziren. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du nola eta zergatik gertatu zen biktimaren, 66 urteko gizonezkoaren, heriotza eragin zuen erasoa.

Gertaera joan den asteazkenean, maiatzaren 20an, arratsaldeko lau eta erdiak aldera, jazo zen Bizkaiko Zornotza herriko Boroa auzoan dagoen baratze batean. Ordu horretan, 40 urteko gizon batek egindako telefono-deiaren bidez jakin zuen Ertzaintzak baratzean lanean ari zela gizonezko batek dirudienez istripua izan zuela.

Adierazitako lekura osasun-zerbitzuak eta Durangoko Ertzain-eteko agente uniformatuen patruila bat hurbildu ziren. Polizia-baliabidearen zain laguntza eskatuz telefonoz deitu zuen gizona zegoen, eta biktimaren iloba zela esan zien agenteei. Honek adierazi zien bere osabak, adineko gizonezkoak, istripua izan zuela rotabatorearekin berotegi inguruan lanean ari zela. Patruilako agenteak biktima zegoen lekura hurbildu zirenean, zauritua ahuspez eta buruaren atzeko aldean zuen zauri batetik odola dariola zegoela ikusi zuten, eta bere kordean zegoen arren ezin zuela hitzik egin konturatu ziren. Bertara hurbildu ziren osasun-zerbitzuek zauritua egonkortu zuten, eta larritasuna ikusita, Osakidetzaren helikoptero medikalizatu batean Gurtzetako ospitalera eramatea erabaki zuten, eta bertan hil zen.

Ertzaintzak une horretan ikerketa jarri zuen abian gertatutakoaren inguruabarrak argitzeko. Ikerketaren arduradunek inkoherentziak eta kriminalitate-zantzuak aurkitu zituzten biktimaren ilobaren lekukotzan. Azkenean, ostegun arratsean, maiatzaren 21ean, Ertzaintzak ustezko hilketa leporatuta atxilotu zuen 40 urteko gizona.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertatutakoa erabat argitzeko. Atxilotua joan den larunbatean eraman zuten Durangoko Epaitegira, eta epaileak Basauriko espetxera bidali zuen.