Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0553-eu

Ertzaintzak kalean manifestazioak edo elkarretaratzeak egiteko araudia gogoratu du

Prentsa bulegoa

2020-06-05

Azken bi gauetan elkarretaratzeak egin dira Portugaleten, bi etxebizitzaren okupazioarengatik protesta egiteko. Elkarretaratze horiek aldez aurretik jakinarazi gabe egin dira, eta istilu batzuk sortu dira. Ertzaintzak kalean era horretako elkarretaratzeak egiteko araudi orokorra gogoratu die herritarrei, bai eta kutsatzea eragozteko osasun publikoaren aldeko prebentzio-neurriak gehitu behar zaizkiola ere.

Joan den asteazken eta ostegun gauean, pertsona talde handiak elkartu dira Portugaleteko kale batzuetan etxebizitzen okupazioaren aurka protesta egiteko.  Elkarretaratze horiek egitekoak zirela ez zaio jakinarazi, nahitaezkoa bada ere, Segurtasun Sailari. Horrez gainera, tentsio-uneak izan dira, polizia-baliabideekin enfrentamenduak egon dira eta pertsona bati eraso egin diote. Ertzaintzak polizia-atestatu bat du irekita desordena publikoengatik, eta Agintari Judizialari bidaliko dio.

Kalean elkarretaratzeak egiten direnean eta 20 pertsonatik gora elkartzen direnean, Segurtasun Sailari idatziz jakinarazi behar dio horren sustatzaileak. Honakoak hartuko dira antolatzaile edo sustatzailetzat: elkarretaratze horien buruan daudenak, horiek zuzentzen dituztenak edo antzeko eginkizunen bat betetzen dutenak, edota horien berri ematen dutelako edo horietarako deialdiak egiten dituztelako, eta horietan hedatzen diren ahozko nahiz idatzizko adierazpenak, horietan erakusten diren banderak edo bestelako ikurrak edo bestelako egintzak kontuan hartuta, antolatzaileak edo sustatzaileak direla arrazoiz determinatzen direnak. Aldez aurretik elkarretaratzearen berri ez emateak zehapen administratiboa ekar dezake.

Ertzaintzak zaintza-lanak egingo ditu segurtasuna bermatzeko eta antzeko gertaerak eragozteko, eta sustatzaileak identifikatuko ditu baldin eta jakinarazi gabeko manifestazioak edo elkarretaratzeak egiten badira, eta bide administratibotik edo, hala badagokio, bide penaletik joko du.