Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Basaurin atxilotu dute auto batean lapurreta egiteagatik eta beste batean lapurreta egiten saiatzeagatik
2020-07-04
Ertzainek 17 urteko adingabe bat atxilotu dute bart gauean Basaurin, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Susmagarria ustez auto baten leihoa txikitzen saiatu da Basauriko Urbiren auzoan, eta lortu ez duen arren kalteak egin dizkio. Jarraian, aldamenean aparkatuta zegoen beste auto baten leihoa haustea lortu du eta barrura sartu da lapurreta egiteko asmoz.
Bart gaueko hamaika eta erdiak aldera, pertsona batek Ertzaintzari jakitera eman dio gazte bat Basauriko Urbiren auzoan aparkatuta zegoen auto baten leihoa hausten saiatu dela baina ez duela lortu, kalteak egin dizkion arren. Jarraian, berriemailearen arabera, beste auto baten kristala haustea lortu du, eta atea ireki eta barrura sartu da, itxura denez, lapurreta egiteko asmoz.
Ertzaintzaren patruila bat berehala hurbildu da adierazitako lekura, eta bidean, Urbi kalearen parean, ustezko lapurraren deskribapenarekin guztiz bat zetorren pertsona bat aurkitu du. Agenteek identifikatu egin dute 17 urteko adingabea, eta ilean kristal-zati txikiak zituela eta besaurrean ebaki txiki bat zuela egiaztatu dute.
Agenteak susmagarriarekin batera joan dira autoak zeuden lekura, eta inguruan aurkitu dute kirtenean koskak zituen aterki bat. Agenteek pentsatu dute aterki hori erabil duela gazteak leihoak kolpatzeko.
Horregatik guztiagatik, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, ertzainek atxilotu egin dute susmagarria, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman dute.