Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Ertzaintzak marihuana sail bat aurkitu du Maruri-Jatabeko etxe batean
2020-07-11
Etxeko bizilaguna zaintzeko eta jarraitzeko operatibo batean aurkitu zuten saila, substantzia sorgorgarriaren trafikoan ari zitekeela susmatzen baitzuten. Agenteak joan den ostegunean sartu ziren etxean, eta miatu zutenean 850 marihuana landare aurkitu zituzten hazkunde-fase ezberdinetan, bai eta landareak hazteko eta droga banatzeko beharrezko elementuak, dirua eta balezta bat ere.
Ertzaintza orain dela hainbat hilabetetatik ari zen Maruri-Jatabeko bizilagun bat zaintzen, substantzia sorgorgarrien trafikoan ari zitekeela susmatzen baitzuten. Agenteek egiaztatu zuten susmagarriak hainbat maniobra egiten zituela atzetik segitzea zailtzeko, eta kontu handiz ibiltzen zela etxetik irtetean eta etxera sartzean.
Ikerketaren ostean, agenteek susmagarriaren etxean sartu eta miaketa egiteko agindua eskatu zioten epaileari. Miaketan 850 marihuana landare eta landareak hazteko eta mantentzeko eta, ondoren, banatzeko beharrezko azpiegitura guztia aurkitu zituzten. Horrez gainera, agenteek hiru speed poltsa, bi doitasun-balantza, ontziratzeko makina bat, balezta bat eta geziak eta 2.000 euro aurkitu zituzten.
Agenteek inputatu egin zuten susmagarria, 44 urtekoa eta polizia-aurrekariak dituena, substantzia sorgorgarrien trafikoa leporatuta.