Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Hauteskunde-egunari gorabehera aipagarririk gabe ekin zaio Euskadin
2020-07-12
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeak gaur goizeko bederatzietan hasi dira gorabehera aipagarririk gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko hautesleku eta hauteskunde-mahai gehienak, ia guztiak, normaltasun osoz osatu dira.
Gaurko, uztailak 12rako, deitutako hauteskunde-eguna goizeko bederatzietan hasi da gorabehera adierazgarririk gabe. Soilik adierazi behar da atzeratu egin dela mahai batzuen osaketa Portugaleteko hauteslekuan, kideak berandu iritsi baitira.
Bestalde, botoa emateko mahaiak ireki eta minutu gutxi batzuetara, Donostiako Jesusen Alabak ikastetxean kokatutako mahaietako bateko lehendakariaren lekua ordezkoak hartu behar izan du ondoezik sentitu denez, eta osasun-zerbitzuek artatu behar izan dute.
Hauteskunde hauetarako hauteskunde-errolda 1.794.316 hauteslek osatzen dute (EAEn bizi diren 1.718.318 egoiliarrek eta atzerrian bizi diren 75.998k), eta horrek adierazten du hautesle-kopuruak gora egin duela 2016ko hauteskunde autonomikoetako erroldarekin alderatuta, une hartan hautesleak 1.783.420 izan baitziren (1.714.261 erroldan alta emanda zeuden eta EAEn bizi ziren hautesleak, eta 69.159 atzerrian bizi zirenak). EstefanÃa Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak atzo egin zuen agerraldian aipatu zuenez, asko dira hauteskunde autonomiko batzuetan, 2016ko hauteskundeez geroztik 18 urte bete dituztelako, botoa lehenbiziko aldiz emango duten gazteak, 68.790, alegia (35.041 Bizkaian, 23.797 Gipuzkoan eta 9.952 Araban).
Hauteslekuak guztira 761 dira (2016an baino 41 gehiago) eta hauteskunde-mahaiak 2.678 (2016an baino 85 gehiago). Mahai horiek zozketa bidez izendatutako 24.102 pertsonak osatu dituzte, horietatik 8.034 titularrak eta 16.068 ordezkoak.
Hauteslekuak honela banatu dira lurraldez lurralde: 105 Araban, 369 Bizkaian eta 287 Gipuzkoan.