Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

20_0698-eu

Gizonezko bat atxilotu dute Portugaleten, etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik

Prentsa bulegoa

2020-07-24

Ertzaintzako agenteek 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, osteguna, arratsaldeko lehen orduan, Portugaleten, bizileku bateko atea bortxatzeko ahaleginetan harrapatu ondoren. Zerbitzutik kanpo zegoen eta inguruetan zebilen ertzain batek gizonezkoa geldiaraztea lortu zuen, beste bi sopikunekin batera ihesi zihoala.

Atzo arratsaldeko ordu biak baino lehentxeago, zerbitzutik kanpo zegoen eta Portugaleteko Kanpazar auzoan zebilen ertzain batek kontrako noranzkoan korrika zihoazen hiru gazte ikusi zituen, eta, haien atzetik, bere etxebizitzan sartzen saiatu zirela zioen emakume bat. Egoeraz konturatzean, agentea ustezko lapurren atzetik joan zen, eta haiek norabide desberdinetan ihes egiten jarraitu zuten. Azkenean, gazteetako bat geldiaraztea lortu zuen, zeraman motxila lurrera jaurti ondoren.

Gertatutakoaren berri izatean, herritarrak babesteko patruila bat berehala iritsi zen lekura. Susmagarria identifikatu ondoren, jaurtitako motxilan bihurkinak, aliketak, espeka-giltzak, eskularruak eta delitugileek etxebizitzetako sarrailak bortxatzeko erabili ohi dituzten tresna mota oro zeudela egiaztatu zen.

Antza denez, etxebizitzaren jabeak in fraganti harrapatu zituen susmagarri hori eta ihes egin zuten bi sopikunak, ateko sarraila manipulatzen. Egiaztatu zenez, sarrailak bortxaketaren arrastoak zituen. Gazteak 23 urte ditu, eta atxilotu egin zuten, indarrez egindako lapurreta-delitu baten egilea delakoan. Ondoren, polizia-bulegoetara eraman zuten, epailearen esku utzi aurretik beharrezkoak diren izapideak egiteko.

Ikerketa zabalik dago oraindik, delitu horretan inplikatutako gainerako bi pertsonak identifikatzeko.