Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du tenperatura oso altuengatik, bihar ostegunerako
2020-07-29
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du EAE osorako tenperatura oso altuengatik, biharko, uztailak 30erako, 12:00etatik 21:00etara bitartean.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Afrika iparraldetik iritsiko den aire beroak eragingo du egoera hori, eta tenperaturak, bereziki maximoak, 35-40 ºC-koak izango dira. Gainera, hegoaldeko haizearen intentsitateak eragotzi egingo du brisa sartzea, eta tenperaturarik altuenak, beraz, Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean izango dira.
Arratsalde-gauean metatutako beroaren ondorioz, bero-hodeiak eratu daitezke, eta ekaitz-zaparradak bota ditzake han-hemenka, batez ere EAEren hegoaldean. Bihar, osteguna, gauean, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizeak joko du itsasertzean mendebaldetik ekialdera, eta tenperaturak ere jaisten joango dira pixkanaka-pixkanaka.
ALERTA LARANJA BASO-SUTEAK IZATEKO ARRISKUAGATIK
Aldi berean, Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du EAE osorako baso-suteak izateko arriskuagatik, bihar 12:00etatik gauerdira arte, tenperatura oso altuak, hegoaldeko haizea eta hezetasun erlatibo baxua direla-eta.
OSTIRALA, UZTAILAK 31
Ostiralean, uztailaren 31n, muturreko tenperaturak espero dira trantsizioko eskualdeetan eta Ebroko ardatzaren eremuan, eta 35 ºC eta 36 ºC-ra irits daitezke, hurrenez hurren. Ostiralerako beraz, abisu horia aktibatu da eremu horietan tenperatura oso altuengatik, eta itsasertzean, berriz, haizeak itsasotik joko du lehenengo orduetatik.
Bestalde, EAEren hegoaldean baso-suteak izateko arrisku handia izango da hezetasun erlatibo baxua, hego-haize moderatua eta tenperatura altuak direla-eta, eta ostiralean ere abisu horia egongo da aktibatuta baso-suteak izateko arriskuagatik trantsizioko eskualdeetan eta Ebroko ardatzaren eremuan.
Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet ((www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea.
GOMENDIOAK
Tenperatura altuen ondorioz, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Osasun Sailarekin lankidetzan, honako aholku hauek ematen ditu:
-
Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko. Ez itxaron egarria izan arte edateko. Ez edan alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duen edaririk. Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
-
Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
-
Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.
-
Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan. Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.
-
Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
-
Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
-
Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin, esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin.
-
Kontsultatu medikuari honako sintoma hauetakoren batek ordubete baino gehiago irauten badu eta tenperatura altuekin lotuta badago: ahultasuna, nekea, zorabioa, goragalea edo konortea galtzea.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
-
Pertsona batek intsolazioa jasaten badu, leku freskoan eduki, buruan eta besazpietan zapi bustiak jarri eta ura eman edateko gatzarekin eta bikarbonatoarekin nahastuta.
-
Konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.
Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.