Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Barakaldon atxilotu dute etxetik drogarekin trafikatzeagatik
2022-03-11
Ertzainek 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan den asteazkenean, hilaren 9an, Barakaldon ustez drogarekin trafikatzea leporatuta. Arrastatuak etxetik saltzen zituen substantzia sorgorgarriak, eta kontsumitzaileak etxera joaten zitzaizkion droga erostera. Etxean sartu eta miaketa egin ondoren 250 gramo speed, marihuana kukuluak zituzten 16 poltsatxo, haxixa eta nahasteko substantziak aurkitu zituzten etxeko leku ezberdinetan sakabanatuta.
Atxiloketa Sestaoko Ertzain-etxeak substantzia sorgorgarrien trafikoaren eta kontsumoaren kontra Barakaldon egindako ikerketaren emaitza da. Ikerketan era horretako substantziak edukitzearekin eta kontsumitzearekin erlazionatutako aurrekariak dituen eta ustez droga, bereziki speeda, etxetik saltzen aritzen zen 44 urteko gizonezko batean jarri zuten arreta. Droga-salmenta horiek etxean, kasurik gehienetan portalean, eta bizilagunek eta oinezkoek ikusteko moduan, egiten zituen.
Poliziak egindako ikerketaren ondorioz egiaztatu ahal izan zuten hainbat pertsona susmagarriaren etxera joaten zirela substantziak erostera. Kasu batzuetan portaleko atezainaren bidez jartzen ziren gizonarekin harremanetan, eta droga salerosketa portalean edo etxe barruan egiten zuten. Beste batzuetan, ikerketaz arduratu ziren agenteek ikusi ahal izan zutenez, akusatua balkoira irteten zen eta droga bilgarria kalera botatzen zuen, bertan egoten baitzen zain eroslea.
Horrela, joan den asteartean, zaintza-operatibo horietako batean, Ertzaintzak kalean geldiarazi zuen erosleetako bat portalean droga erosi ondoren. Miatu zutenean, agenteek poltsatxo bat, speed gramo batzuk zituen dosi bat, kendu zioten.
Ebidentzia horien aurrean, joan den asteazkenean, epailearen agindua hartuta, ikertzen ari ziren etxe barrua miatu zuten, eta 250 gramo speed (anfetamina), marihuana kukuluak zituzten 16 poltsatxo, haxix zatiak eta drogari nahasteko erabili ohi diren beste hainbat substantzia aurkitu zituzten gela ezberdinetan sakabanatuta
Akusatua, 44 urtekoa, Ertzaintzaren Sestaoko egoitzara eraman zuten dagozkion polizia-eginbideak betetzera. Horiek amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarri zuten.