Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0196 Barakaldon bere ardurapean duen tabernan drogekin trafikatzen ari zen gizon bat atxilotu dute

Barakaldon bere ardurapean duen tabernan drogekin trafikatzen ari zen gizon bat atxilotu dute

Servicio de prensa

2022-03-20

Ertzainek 37 urteko gizon bat atxilotu zuten joan den ostiral arratsaldean Barakaldon, bertako taberna batean drogekin trafikatzea leporatuta.

Ertzaintzak martxoan jakin du droga-trafikoagatik aurrekariak dituen gizon batek taberna bat duela Barakaldon.

Ertzainek, taberna drogekin trafikatzen jarraitzeko erabiltzen ari zitekeela susmatuta, zaintza-dispositibo bat jarri zuten lokalaren inguruan joan den ostegunean, martxoaren 17an.

Dispositiboan agenteek egiaztatu ahal izan zuten susmagarria arratsaldean iritsi zela bertara eta bezeroen eremuan eseri zela haiekin harremanetan jartzeko, eta, gainera, zelatan zegoela polizien zaintzak hautemateko.

Horren aurrean, ertzainek segurtasun-operatibo bat ezarri zuten hurrengo egunean, eta, tabernan sartu ondoren, zortzi bezero identifikatu zituzten. Horietako hiruri aurkitu zizkieten substantzia sorgorgarriak.

Establezimenduaren arduradunari 50 euro eta saltzeko prest zituen 17 kokaina-dosi aurkitu zizkioten eserita zegoen eserlekuaren azpian iman batekin erantsita zegoen metalezko kaxa batean ezkutatuta.

Hori dela eta, patruilako agenteek lokalaren arduraduna, 37 urteko gizonezkoa, atxilotu egin zuten joan den ostiralean droga-trafikoaren ustezko delitua leporatuta.

Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu delitu ezberdinengatik, eta atzo jarri zuten agintari judizialaren eskuetan Barakaldoko Guardiako Epaitegian.