Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0200 Ertzaintzak eta udaltzaingoek Ukrainarekiko elkartasunarekin erlazionatuta dauden ustezko ziberiruzurrez ohartarazten dute

Ertzaintzak eta udaltzaingoek Ukrainarekiko elkartasunarekin erlazionatuta dauden ustezko ziberiruzurrez ohartarazten dute

Servicio de prensa

2022-03-21

Azken egunotan Ukrainako herriari elkartasuna adieraztearen harira sortutako ziberiruzur modalitate ezberdinak hauteman dira, eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarrei gogorarazten diete herrialdearen aldeko dirulaguntza solidarioak erakunde ofizialen, GKE aitortuen edo banketxeetan gaitutako kontuen bidez bideratu behar direla, era horretara donazioak behar diren lekura iritsiko direla ziurtatzeko. Euskadin orain arte salaketa bakarra jarri dute arrazoi horrengatik, baina uste da kasu gehiago ere izan direla eta ustezko biktimak ez direla iruzurraz jabetu.

Era honetako egoeretan beti gertatu ohi den bezala, ziberdelitugileek Ukrainan gerra hasi zenetik sortu den elkartasun-uhinaz baliatu dira herritarrek egindako donazioak mekanismo ezberdinen bidez desbideratzeko.

 

Pandemia garaian, ziberkriminalek kasu batean baino gehiagotan hartu zuten erakunde ofizialen lekua datu pertsonalak lortzeko, iruzurrezko webguneak sortuz homologatu gabeko, edo zuzenean faltsifikatutako, osasun-materiala edo COVID ziurtagiri faltsuak saltzeko, eta Interneten bidez gezurrezko albiste ugari ere hedatu zituzten nahasketa sortzeko.

Ukrainako gerra dela eta, euren helburua Ukrainako herriarentzako laguntzak dira, eta ongizateko erakundeen lekua hartzen dute borondate oneko pertsonen donazioak desbideratzeko. Krisi honetan Espainiako estatua nazioarteko elkartasunaren buruan dago, eta bertako herritarrak biktima aproposak eta erakargarriak izaten dira delitugile horientzat.

 

Erakunde ofizialen lekua hartzea oso erraza izaten da, eta hori hautematea, aldiz, konplexua. Gainera, ez da erraza iruzur baten biktima izan garela konturatzea; izan ere, emaileak inoiz ez du jakiten bere donazioarekin zer gertatu den. Donazioa egiten denean konfiantza osoa izaten da jaso duenak lagundu nahi dien biktimei laguntzeko erabiliko duela.

 

Arrazoi horrengatik da bereziki garrantzitsua donazioak GKE kontrastatuen eta ziurtatuen bidez edo beste bide ofizial batzuetatik bideratzea, hain zuzen ere, dirua desbideratzea eragozteko eta inbasioaren biktimei laguntzeko izan ordez eskrupulurik gabeko antolakunde kriminalen irabaziak handitzeko izatea saihesteko.

Era horretako delituek delitugileek euren irabaziak handitzea dakarte, baina badituzte beste albo-ondorio batzuk ere, donazioen kopurua jaitsi egin baitaiteke. Horregatik da funtsezkoa behin eta berriz adieraztea donazioak ez direla bertan behera utzi behar, baizik eta behar bezala bideratu behar direla erakunde kontrastatuen bidez.

 

Egiaztatu da gerrarekin lotuta era horretako hainbat iruzur-mota daudela abian, esate baterako, senide bat Ukrainatik ateratzeko dirua behar duen familiartekoarena, eta hori iruzur nigeriarraren aldaera bat da, kasu horretan dirudun batek herrialdetik dirua atera beharra izaten du eta biktima baten laguntza behar izaten du ordainketa eder baten truke. Horrez gainera, donazioak egiteko webgune faltsuak, sinadura-orrien bidez datu pertsonalen atzemateak eta “fake news” deitzen direnak daude.

 

Euskadin orain arte salatu den kasu bakarra adingabe batena da. Berak adierazi duenez, bere telefono mugikorretik, eta bere baimenik gabe, 322 SMS bidali dira Ukraina hitza jarrita, mezuen balioa 200 bat eurokoa izanik, baina uste da kasu gehiago ere izan direla eta biktimak oraindik ez direla iruzurraz jabetu.