Cabecera contenido seccion noticias

Eduki publikatzailea

22_0217 Iruñean atxilotu dute Internet bidez adingabeak galbideratzeagatik

Ertzaintzaren “Icaro” operazioaren bigarren fasean

Iruñean atxilotu dute Internet bidez adingabeak galbideratzeagatik

Servicio de prensa

2022-03-26

Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTG), Nafarroako Foruzaingoarekin elkarlanean, 27 urteko gizon bat atxilotu du Iruñean, Internet eta sare sozialen bidez adingabeak galbideratzea leporatuta. “Icaro” izeneko operazioaren bigarren fasean atxilotu dute gizona, eta lehenengo fasea otsailean burutu zen eta bertan beste gizonezko bat atxilotu eta espetxeratu zuten.

Atxilotua, Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri ondoren, espetxean sartu dute, eta jada bi dira aipatutako ikerketaren esparruan espetxeratu dituztenak.

Gizona joan de asteartean, martxoaren 22an, atxilotu zuten Iruñean. Bestalde, Foruzaingoko agenteek eta Ertzaintzakoek (SICTG), Instrukzio Epaitegiak gaituta, atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zuten, eta guztira informazio digitala biltegiratzeko zortzi gailu elektroniko atzeman zituzten.

Gailu horien aurretiazko analisian eduki sexuala duten adingabeen argazki eta bideo ugari aurkitu dituzte. Horrez gainera, sare sozialen bidez adingabeekin ezarritako harremanak ere aurkitu dituzte.

Ikerketak zabalik jarraitzen du aurkitutako ebidentziak aztertzeko, artxibo ugari baitaude, eta ez da baztertzen egitateekin erlazionatuta atxiloketa gehiago egitea.

“Grooming” ekintzen arriskua eta salatzeko premia

Era horretako ikerketen esparruan, Ertzaintzak “Grooming” deitzen den ekintza horren arriskuaz ohartarazi nahi izan du. Adingabeak aisialdiko jarduerak egiteko, hala nola txatean aritzeko, jolasteko edo jaisteko artxiboak bilatzeko, Internetera konektatzen direnean edo sare sozialetan sartzen direnean, jazarlea haiekin harremanetan jartzen da euren konfiantza eta datu pertsonalak lortzeko.

Orokorrean, pederasta helduak bere burua adingabetzat aurkezten du biktimekin elkarreragin ahal izateko, eta engainatzen dituenean eduki sexuala edo pornografikoa duten irudiak eskatzeko. Harreman horretatik abiatuta, eta sedukzio eta probokazio teknikak erabiliz, adingabeak gero eta irudi gehiago ematera bultzatzen ditu, eta jazarpenera eta koakziora ere iristen da adingabeak une batean eduki sexual hori partekatzeari ezetz esaten badio. Jazarleak mehatxu gisa adierazten dio irudi edo bideo horiek adingabearen adiskideen edo ezagunen artean edo sare sozialetan hedatuko dituela.

Horregatik guztiagatik, Ertzaintzak aholku batzuk eman nahi ditu era horretako delitu-kasuak hauteman ahal izateko.

Gomendioak:

  • Berehala salatu edozein jazarpen edo abusu egoera. Geldiarazi egin behar da. Halako portaerak ez dira amaitzen delitugilea atxilotu arte. Ez entzunarena egiteak inoiz ez gaitu inora eramango.
  • Gure laguna dela uste dugun norbait sarean bere portaera aldatzen hasten bada, segur aski kontua lapurtu diote. Egiaztatu.
  • Ahal dela ez gorde edo trukatu argazki konprometiturik, ezta bikotekidearekin edo adiskide minenekin ere. Ondo jabetu behar dugu zer-nolako irudiak bidaltzen ari garen telefonoan edo ordenagailuan klikatzen dugunean.
  • Inoiz ez da amore eman behar xantaiaren aurrean, edozein eratakoa izanda ere. Argazki bat bidaltzea inoiz amaituko ez den kiribil batean sartzea da.
  • Inori ez eman pasahitzik, zure lagun mina dela uste baduzu ere. Pasahitza norberarena da, eta indibiduala eta besterenezina. Era berean, ez dira sartu behar pasahitzak jatorrizko zerbitzuarekin zerikusirik ez duten web-orrietan.

Jaitsi erantsitako dokumentua