Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Bilbo, hiru atxilotu gazte bati indarrez tira eginda urrezko kate bat lapurtzeagatik
2022-03-27
Ertzainek hiru gazte, 17 urteko bi eta 21 urteko beste bat, atxilotu zituzten ostiral arratsaldean Bilbon, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Dirudienez, beste bi gazterengana hurbildu eta jo egin zituzten Abando inguruan, eta bati lepoan zeraman urrezko katea kendu zioten indarrez tira eginda.
Arratsaldeko zortziak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten bi oinezkori lapurreta egin zietela Bizkaiko hiriburuko Nafarroa kalean zihoazenean. Emandako informazioaren arabera, hiru pertsona hurbildu zitzaizkien eta joka eta bultzaka hasi zitzaizkien. Eraso egiten ari zirenean, biktimetako bati lepoan zeraman urrezko katea kendu zioten indarrez tira eginda. Une horretan hirurak korrika irten ziren.
Gertaeraren berri izan ondoren, herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilek inguruan geldiarazi zituzten ustezko erasotzaileen deskribapen fisikoarekin bat zetozen hiru gazte. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, guztiak atxilotu zituzten indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
Bi biktimek osasun-zentro batera joan behar izan zuten lapurretan egin zizkieten lesioak sendatzera.