Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Bilbon atxilotu dute Arrigorriagako etxe batean indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik
2022-04-07
Ertzaintzak gazte bat atxilotu du Bilbon, otsailaren amaieran Arrigorriagako (Bizkaia) etxe batean indarkeria erabiliz egindako lapurreta baten ikerketaren ondorioz. Gazteak eta biktimak sare sozialen bidez bakarrik ezagutzen zuten elkar.
Otsailaren 23an, gaueko hamarrak aldera, Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, Arrigorriagako etxe batean lapurreta egin zutela eta pertsona bat zaurituta zegoela eta osasun-laguntza behar zuela esanez.
Lekura Ertzaintzaren patruilak eta biktimari arreta emateko Osakidetzaren anbulantzia bat agertu ziren, eta gertatutakoa egiaztatu ahal izan zuten. Zaurituaren arabera, aipatutako etxean sare sozialen bidez ezagutzen zuen gazte batekin geratuta zegoen eta, hura etxean sartu zenean, joka eta mehatxuka hasi zitzaion lapurreta egiteko asmoz. Ondoren, beste pertsona bat, erasotzailearen konplizea, sartu zen etxean eta bien artean dirua eta biktimaren hainbat objektu lapurtu zituzten.
Horrez gainera, egiaztatu ahal izan zuten hirugarren pertsona bat zegoela portalean zelatan zain, eta beste bi pertsonekin batera ihes egin zuela lapurreta egin ondoren.
Biktimari lekuan bertan eman zioten arreta osasun-zerbitzuek, baina gero Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten zauriak eta kolpeak sendatzera, larriak ez izan arren.
Horregatik guztiagatik, Ertzaintzak zegokion ikerketa jarri zuen abian lapurretaren egileak identifikatzeko, eta atzo, asteazkena, atxilotu zuten egitateen eta erasoen egile nagusia, 17 urteko adingabea. Bien bitartean, ikerketak zabalik jarraitzen du gainerako inplikatuak aurkitu ahal izateko.
Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak hasteko eta, Probintziako Adingabeen Fiskaltzaren aginduz, aske utzi zuten gurasoen zaintzapean.