Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea
22_0287 Donostian atxilotu dute taberna bateko segurtasunaren arduradunak arma zuri batekin mehatxatzeagatik

Donostian atxilotu dute taberna bateko segurtasunaren arduradunak arma zuri batekin mehatxatzeagatik
2022-04-18
Ertzainek 23 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur, astelehena, goizaldean, Donostian, ostalaritza-establezimendu baten segurtasunaren arduradunak arma zuri batekin mehatxatzea leporatuta, arazoak sortzeagatik lokaletik kanpora bota dutenean. Erasotzailearekin zegoen beste pertsona bat ere arrastatu dute atentatuaren delitua leporatuta, esku hartzen ari zen patruila bateko kideei eraso egin ondoren.
Goizaldeko hiruak aldera, poliziaren laguntza eskatu dute Gros auzoko taberna batean, bertako bezero bat arazoak sortzen ari zela eta. Herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila bat hurbildu da adierazitako lekura, eta lokaleko atezainek agenteei adierazi diete une horretan lekutik ihesi zihoan gizona zela istilua sortu duena. Agenteak susmagarriaren atzetik abiatu dira, eta honek ez die inolako jaramonik egin agenteen jarraibideei eta, gainera, portaera agresiboa izan du. Agenteek azkenean lortu dute gizona inguruko kale batean atzematea.
Lokalean arazoak sortzen ari zelako kanpora bota dutenean beste bezero bati eraso egin diola eta lokaleko segurtasunaren arduradunak labana batekin mehatxatu dituela egiaztatu ondoren, arma zuri batekin mehatxu egiteagatik atxilotu dute.
Bestalde, erasotzailearekin batera zegoen beste pertsona bat ere arrastatu dute, behin eta berriz mehatxatu baititu jarduketan esku hartzen ari zen patruilako agenteak, eta une batean jo ere egin ditu.
Bi gazteak, 23 urtekoak, polizia-egoitzara eraman dituzte dagozkion eginbideak betetzeko eta gero Agintari Judizialaren eskuetan jartzeko.