Cabecera contenido seccion noticias
Eduki publikatzailea

Eusko Jaurlaritzak areagotu egingo du kamioien ikuskapena Euskadin
2022-05-01
• Maiatzaren 2tik 8ra bitartean salgai arriskutsuak garraiatzen dituztenak ikuskatuko dituzte • Maiatzaren 10etik 12ra bitartean era guztietako kamioien pisuaren kontrola areagotuko dute
Maiatzaren 2tik 8ra bitartean, Ertzaintzak salgai arriskutsuak errepidez garraiatzen dituzten kamioien zaintza eta kontrola areagotuko du, jarduera hori arautzen duen Europako akordioari (ADR) jarraituz.
Garraio-unitate bakoitzak ezingo du atoi bat edo erdi-atoi bat baino gehiago eraman. Horrez gainera, ibilgailuaren dokumentazioa, plaken eta seinale laranjen erabilpena, sua itzaltzeko baliabideak, ekipamendu ezberdinak eta norbera babesteko ekipamenduak ere aztertuko dituzte.
Egiaztatuko dute baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren, takografoak funtzionatzen duen edo manipulatu egin den erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko.
Bestalde, maiatzaren 10etik 12ra bitartean salgaiak garraiatzen dituzten era guztietako kamioien pisua zainduko dute. Horrela, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen egiaztatuko dute.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan, “bereziki zaindu behar dira salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak; izan ere, istripu batean kamioi bat inplikatuta egoteak ondorio larriak izan ditzake errepidean. Zaintza areagotuta egiten den prebentzio-lan horren bidez era horretako istripuak gertatzea saihestu nahi da”.
Kamioien pisua zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 46 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.